[KRONIKA] MUSIKAK DENA ESATEN DUENEAN
Asteburuek askotarako ematen dute, baita eserlekutik altxa gabe mundu berriak ezagutzeko ere. Horretarako ordea, pasa den larunbatean Biarritzera Ólafur Arnalds ikustera joan beharra zegoen.
Argazkia: Beñat Rodriguez @studioolrait
Ziurrenik askori ezaguna egingo zaizue Arnalds Broadchurch telesail bikaineko soinu banda ederra konposatu zuelako. Baina telesailetik harago baditu hainbat eta hainbat pieza eder bere diskografia oparoan, musika klasikoa eta elektronika maisuki uztartuz. Bitxia bezain pozgarria izan zen Biarritzeko Gare Du Midi aretoan musika klasikoko kontzertu bat ikusteko ilaran gazteak aurkitzea. Arnalds-ek lortu du klasikoaren eta modernoaren oreka ahula mantendu eta edozein belaunalditako musikazaleek gozatzeko proposamena eskaintzea. Baliteke hori lortu izana bere hardcore iraganagatik. Kontzertuan aipatu zuen Fighting Shit deituriko taldean bateria jotzen zuela eta egun normalean iraganera begira egon ohi den musika estiloa hautatu badu ere, islandiarra ez da atzera begira egoten denetakoa.
Baina itzul gaitezen hasierara, apurka apurka, kontzertuko ordua iritsi ahala, eserlekuetan eroso jarri ginen, argiak itzali eta Arnalds noiz aterako zain. Pijamakoak ziruditen galtza zabalak, kamiseta bat eta oinetan kolore biziko galtzerdi batzuk, besterik ez. Bere etxeko egongela balego bezalako erosotasunez hurbildu zen oholtzaren erdigunera, pausu lasaiz, pianoaren aurrean eseri zen arte.
Lehen melodiak lotsati zabaldu ziren aretoan zehar, ezarian gure zentzumen guztiak bahitu arte. Re:member (2018) azken diskoan badu Ekki hugsa izenburua duen konposizio bat islandieraz “ez pentsatu” esan nahi duena. Piezak berak eta izenburuak egoki laburbiltzen dute Arnalds-en musika. Ez da musika klasikoan aditua izan beharrik melodia hauetaz gozatzeko, transmititzen duten bakeak askatasuna ematen baitu gure pentsamenduak itzali eta sentimenduek aske bidaia dezaten.
Pixkanaka, islandiarraren hatzak pianoaren bidez edertasuna melodietan bilduta zabaltzen ari ziren bitartean beste musikariak agertokira igotzen joan ziren, bakoitzari tokatzen zitzaion une zehatzetan. Horrela, abestia bukatzerako hiru biolin eta kontrabaxu bat ikus zitezkeen agertokian, zein baino zein musikari finagoak. Hurrengo piezan, pausuz pausu behatu genezakeen nola eraikitzen dituzten konposizioak detaile txikiak bata bestearen ondoan leun pausatuz. Hori baita Arnalds-en musikatik gehien gustatzen zaidana, musikatik baino hurbilago dagoela isiltasunetik. Inongo harrabotsik gabe, txikitasunetik isiltasuna emulatzen du musikaz. Zuzenean zinez da ikusgarria behatzea musikari bakoitzak nola gehitzen dioten osotasun horri beraien detaile tipi ezinbestekoak.
Argazkia: Beñat Rodriguez @studioolrait
Musika bezain zainduak zeuden argiak ere, konposizioetan guztiz barneratzen laguntzen baitzuten. Hirugarren abestian, falta zen azken musikaria sartu zenean eta bateria jotzen hasi, argiek bere kolpe bakoitzarekin dardara egiten zuten. Zati elektronikoagoetan argi martzianoagoak pizten ziren eta kolore berde elektriko batek oholtza argiztatzen zuen. Abesti bakoitzaren tonuarekin bat egiten zuten kolore eta argiek, sinbiosi perfektuan.
Pieza batzuen tartean Arnalds-ek mikroa hartu eta publikoari zuzentzen zitzaion. Lotsati ahotsez, baina espontaneotasun eta naturaltasunez aitortu zigun faltan botatzen duela kontzertuetan izerditzea. Bateria jotzen zuen garaietan izerdiz blai bukatzen omen zituen kontzertuak eta orain iruditzen omen zaio ez duela deus egiten. Behin baino gehiago atera zizkigun barreak, batik bat, deus egiten ez duen horrekin, deus ez? Zer da ba musika itxura duen edertasun guzti hau?
Tanpez, guztiok nahi baino azkarrago kontzertua bukatutzat eman eta sei musikariak oholtzatik irteten hasi ziren, gu guztiok gure eserlekuetatik altxa eta txaloka hasten ginen bitartean; berriz ere aterako zirenaren esperantzan. Handik gutxira, kontzertu hasieran bezalaxe, lasai agertoki erdira abiatu zen, mikroa hartu eta azken pieza bat joko zuela esan zigun. Hain zuzen, hardcore estiloa utzi eta musika klasikoa maitatzen irakatsi zion zendutako amonari zuzendutakoa. Horretarako, atzealdean zuen bi pianoetako batengana hurbildu, bertan publikoari bizkar emanda eseri eta amonari bakarrik ari balitzaion bezala, samurtasunez hasi zen pieza jotzen, tekla bakoitza sentituz. Apurka, gero eta ahulago entzuten ziren teklak, pieza airean desegiten ari balitz bezala. Islandiarra pianoaren aurrean geldi geratu zen eta segundo gutxira sentimenduz eta esker honez betetako txaloak entzun ziren. Arnalds altxa, publikoari esker on hori itzuli eta bere galtzerdi koloretsuekin, pausu lasaiez aldentzen hasi zen, gu guztiok edertasunaren ederrez eserlekuan iltzatuta utziz. Hitzak alferrikakoak dira musikak dena esaten duenean.