[KRONIKA] Larunbat arratsaldea Dokan
Ekizak eta Bandinik giro ederra sortu zuten Donostiako Kafe Antzokian; halako gehiago nahi ditugu!
Larunbata, hausnarketa eguna, Aste Santuko oporraldiaren amaiera, hauteskunde egunaren bezpera... eta udaberriko gau giro ezin hobea. Horregatik, asko izan ginen Donostiako Doka Kafe Antzokira hurbildu ginenak. Menuan, Ekiza eta Xabi Bandini; musika gosez gindoazenontzat, bapo asetzeko modukoa.
Lehen platera puntual zerbitzatu zuten, eta iritsi ginenerako, Ekizak emanda zituen lehen notak kitarraren laguntzaz. Gozo eta arin, apetitua irekitzeko moduko emanaldia eskaini zuen. Lehengaiek duten kalitateagatik apaindurarik behar ez duen mokadu perfektua dastatu genuen musikari baionarraren eskutik; garbia eta zaporetsua, sabela bete baino gosea pizten duen horietakoa. Puntual hasi bezala, orduan amaitu zuen Ekizak, txalo artean; platera errepikatzeko gogoekin gelditu ginela aitortu behar dut.
Musika gehiago irensteko sabela prest genuen, eta Doka jatetxe musikala segituan prestatu zen plater nagusia dastatzeko; eszenatokian, Begibakar Tourren irudiek eman zioten ongi etorria hirukoteari, eta energia handiz taularatu ziren Ion Etxabarri, Alberto Isaba eta Xabi Bandini. Emanaldia hasieratik izan zen indartsua; Bandinik ez zuen itzulinguruka ibiltzeko astirik, gaua zirrarazkoa baitzen, eta musikari iruñearrak zapore eta kolore festa harrigarria kozinatu zigun.
Izerdia ta pasioa oinarri, lehen minututik hasita bereganatu zuen Bandinik Doka, bai eszenatokia eta baita pista ere. Gora eta behera ibili zen hirukotea, publikoarengandik ahalik eta gertuen egoteko saiakeran, bertan geundenok kantan batzera animatuz; erritu tribal baten moduan, Dokaren erdian zirkuluan bueltaka hasi ziren hiru musikariak, publikoak inguraturik "Beti izan zintuen gogoan, ohartu ez bazinen ere"...
Bapo ase gintuen Bandiniren ikuskizunak, motz egin bazitzaigun ere. Biziki eskertzekoa musikariak adierazten duen pasioa, batzuetan hotz eta lotsati suertatzen den publikoaren zurruntasuna segituan urtuz. Izan ere, publikoak beti ez ditu gauzak errazten, baina musikari nafarraren energia biziak entzule lotsatiena mugimenduan jartzeko ahalmena du. Guk behintzat bapo mugitu genuen gorputza eta ozen egin genituen abestien koruak. Gora bizitza!