Kritikona, bizikletaren aldeko aldarria, egingo dute Bilbon maiatzaren 13tik 15era bitarte

Bilboko Masa Kritikoa kolektiboak bizikleta kontzentrazio erraldoia eta ekintza programazio zabala prestatu du astebururako, “dena bizikletatik jaitsi gabe”. Kritikona izeneko ekimen honek, jai giroan, bi gurpilak defendatuko ditu garraiobide “isil, dibertigarri, praktiko eta jasangarri” gisa. 


Txirringaren erabileraren aldeko Bilboko Masa Kritikoa kolektiboa hileroko azken ostiralean bildu ohi da Diputazio parean, 19:30ean. Bizikletaren abantailak ikusarazi nahi dituzte “ohiko motor, balaztada, klaxon-hots eta keen aurrean”. Bestelako mugikortasun eredu batean sinesten dute, “isilagoa, herritarrak nahiz ingurumena errespetatzen dituena eta atsegina”.
Hain justu, hileroko elkarretaratze horiei jarraipena eta dimentsio handiagoa emateko antolatu dute Kritikona, txirringaren aldeko jai handia. Maiatzaren 13tik 15era bitarte, “motordun ibilgailuen diktadura” arbuiatuko dute jai giroan, makina bat ekintzaren bitartez, baina beti ere bizikletatik jaitsi gabe.
Hitzordu nagusia, Kritikona, maiatzaren 14rako finkatu dute, 17:00tan Bilboko Areatzan. Euskal Herritik nahiz atzerritik hurbildutakoen artean ahalik eta bizikleta kontzentrazio handiena egin nahi dute “trafikoa oztopatu ez, baizik eta trafikoaren parte” direla aldarrikatzeko. Lehenago Parisen, Madrilen eta Erroman egin dute halakorik eta, hurrenez hurren, 3.000, 4.000 eta 5.000 lagun elkartzea lortu dute.
Baina hiru egunetan zehar askoz gehiago izango da. Kontzertuak, bizientzierroa, tailerrak, bikepolo partidak, bizipoteoak... eta kanpotik datozenentzat Kukutzan prest dute harrera bertan lo egin edo dutxa bat hartu nahi dutenentzat.
Informazio gehiago nahi duenak kritikonabilbao@gmail.com helbidera idatz dezake.


Programazioa


Maiatzak 13
19:30. Masa Kritiko argitsua.
20:30. Bizientzierroa Santiago Plazan.

Maiatzak 14
12:00. Bizikletak trenera! Plaza Biribilan.
14:00. Workshopping, bazkaria, tailerrak eta bizikleta tuneoa Ahateen Parkean.
17:00. Kritikona Bilbo osoan zehar.
21:30. La Marazzaren kontzertua Kukutzan.

Maiatzak 15
12:00. Hamaiketako musikala Amezola-Rekalde Parkean.
Gehi... bikepolo partidak, goldsprint txapelketak, tall-bikes tailerrak eta bizi merchandisinga.