Korterraza jaialdia zinez eta musikaz betetzen ari da Gasteiz
Berrogeita bi film proiektatuko dira guztira eta Mice, Arenna, eta Niña Coyote eta Chico Tornado musikarien emanaldiak ere izango dira, besteak beste.
Film laburren Korterraza jaialdiaren hamahirugarren edizioa atzo abiatu zen eta bihar arte izango da martxan Artium Museoaren kanpoaldean. Proiekzioei dagokienez, ikusleek hiru saio izango dituzte aire zabalean, azken urteko lan nabarmenekin. Musikari dagokionez, berriz, honako hauek parte hartuko dute: Eli ‘Paperboy’ Reed soulman estatubatuarra Harlem Gospel Travelers taldearekin batera, Niña Coyote eta Chico Tornado, Germán Salto, Rambalaya, MICE eta Arenna gasteiztarra.
Edizio honetan 987 lan jaso dituzte eta horietatik 42 film proiektatuko dituzte. Hautatutako film laburrak bost ataletan banatuta daude: Ofiziala, Erakusketa, Komedia, Txiki eta Sensibiliza. Honako hauek daude lan horien artean: Ellie, ospitaleko larrialdi-gelan suspensea eta drama nahasten dituena; Mesa para tres satira dibertigarria; La nadadora, Maria Algoraren drama, Mikel Bustamante arabarraren parte-hartzea duena; No te verán correr, Jon Plazaola protagonista duen thrillerra; Mañana volveré, Hugo de la Rivaren istorio samurra; Javier Fesserrek zuzendutako Kellys komedia dramatikoa; eta Cristianoren umorea, apaiztegian sartu nahi duen gazte elizkoi bati buruzko istorioa.
Arabako sortzaileen sei film labur ere izango dira jaialdian: Juanma Bajo Ulloaren The Parrot ; Aitor De Kintanaren Parlez-vous? komedia; David Perez Sañudoren Vatios kirol-drama; Beatriz De Silvaren Tula; Imanol Ortiz Lopezen N-666; Maider Oleagaren Kinka drama, konfinamenduan girotutakoa; eta Gorka Aguinagalde eta Xabi Vitoriaren El fiestón komedia.
Arabara zabaldua
Arabako 38 herritara ere iritsiko da jaialdia eta 42 emanaldi izango dituzte hilabete honetatik irailera bitartean. Honako herri hauetan izango dira emanaldiak: Langarika, Zurbano, Agurain, Burgelu, Aramaio, Dulantzi, Agurain, Artziniega, Okondo, Trebiñu, Ondategi, Araia, Leziñana, Legutio, Izarra, Oroko Ama Birginaren Santutegia, Estabelu, Argantzon, Gurendez, Maeztu, Urizaharra, San Román, Ozio, Llanteno, Bastida, Berantevilla, Añana Gesaltza, Zuhatzu-Kuartango, Etura, Uribarri-Jauregi, Bastida, Gebara, Corro, Narbaiza, Larrazubi, Zabalate, Markinez eta Erentxun.
Gai sozialak eta haurrentzako proiekzioak
Jaialdia abuztuaren amaieran osatuko da Korterraza Sensibiliza gai sozialei buruzko film laburrak ardatz dituen sailarekin. Irailaren hasieran, berriz, Korterraza Txiki izango da, haurrentzako proposamenekin. Aurten, proiekzioaren aurretik, zinemaren mundua ardatz duen ipuin-kontalari bat izango da.