Korrika egin, kafea hartu eta sozializatzeko festak
Ariketa fisikoa egin eta ondo pasatzeko modua izaten da, alkoholik eta gaueko ordu txikietako ibilerarik gabe.
Belaunaldi berriek lehentasuna ematen diote osasunari, eta horrek aisialdian ere eragina izaten du. Gero eta gehiago dira ariketa fisikoa lehenesten dutenak, eta baita alkohola baztertzen dutenak ere.
Horrekin lotuta, kafe-festak ugaritu dira munduko hainbat txokotan. Gauez parrandan ibili beharrean, eguneko plana izaten da: kafe bat hartu, DJaren musika entzunez dantzatu, eta jendearekin harremanak izan.
Estatu Batuetan hasi ziren eta ondoren Erresuma Batura, Alemaniara eta beste hainbat tokitara zabaldu zen joera. Horri ariketa fisikoa ere erantsi diote zenbait lekutan. Bost edo hamar kilometroko korrikaldia egiteko geratzen dira, eta kafetegi batean amaitzen dute ibilbidea. Bertan kafe bat hartu, musika entzun eta jendearekin egoteko aukera izaten da. Ariketa fisikoa ez da beraz sasoian egoteko kontua bakarrik, baita antzeko gustuak dituen jendea ezagutzeko bidea ere.
Horretaz gain, alkoholik gabe ere sozializatu daitekeela gogorarazten dute. Kafea edan eta lotsarik gabe dantza dezakete, bertan daudenekin hitz egin, eta hala nahi izanez gero, baita ligatu ere. Igande goizeko plan osasuntsu eta dibertigarria izan daiteke, eta parranda handia egiten dugunean ez bezala, egun horretan gauza gehiago egiteko astia ere ematen du.
Bizitza osasuntsuaren aldeko apustua egiten dutenen arteko hartu-emanak indartzeko balio dezake, jende berria ezagutu eta plan berriak sortzeko.
Zu ere korrika egin eta kafea hartzera joateko prest al zaude?