Koronabirusaren ondorioz, auzo txiroetan janari azkarra utzi dute etxekoaren mesedetan
Pandemiak efektu positiboa izan du gutxien dutenen elikadura ohituretan, janari kateak abandonatuz eta etxeko janaria lehenetsiz.
Lotura zuzena dago janari azkarraren kontsumoa eta familien ekonomiaren artean, batez ere AEBetan. Hala, ekonomikoki ahulen dauden auzo eta eremuetako biztanleak dira janari azkar gehien kontsumitzen dutenak bataz-beste; kozinatzeko astirik eza eta janari-kate hauek eskaintzen duten aisialdirako espazio merkea dira honen arrazoi nagusiak. Baina pandemiak joera hau seko gelditu du, elikaduran aldaketa eraginez, eta etxeko janaria lehenetsiz.
Baliteke joera hau aldi baterako izatea, eta normaltasuna berreskuratzearekin batera, lehengo ohituretara itzultzea, baina adituek diote aukera izan daitekeela janari azkarrarekiko lotura apurtu eta etxeko elikadura osasuntsura bueltatzeko. Hain zuzen, denbora falta ez da janari azkarrarekiko zaletasuna garatzeko bakarra; janari azkarreko jatetxeak jendearen arreta bereganatzeko diseinatuta daude, eta askorentzat sozializatzeko eta aisialdian gozatzeko espazio bilakatzen dira. Leku horietan familiak elkartzen dira, eta baita adineko pertsonak ere; janari azkarreko marka handiek badakite hor dagoela beren arrakastaren gakoa, eta adibidez Starbucks kafe kateak saltzen duena ez da kafea, bere lokaletako erosotasuna baizik, bertan egotea erritu baten parte izango balitz bezala.
Pandemiarekin guzti hori errotik gelditu da, eta eremu txiroenetan auzo lana indartu da, bertako produktuen elkartrukea bultzatuz eta etxean kozinatuz; emaitzak oso positiboak izan dira. Elikatzeko ohitura berriak mantenduko ote dira?