Koronabirusaren inguruko albisteak mugatu ditu Belgikak

Kontrolik gabeko informazio uholdeak estresa eta antsietatea eragiten dituela egotzita, birusaren inguruko albisteak erdira mugatuko dituzte herrialdean.

Koronabirusaren inguruan etengabe iristen zaizkigu albisteak, eta normala denez, nazkatuta gaude, kasurik onenean. Larrienean, antsietatea, estresa eta depresioa sufritzen dabil geroz eta jende gehiago. Baina, beharrezkoa ote da horrenbesteko informazioa jasotzea? Etengabe gaiari bueltaka aritzea? Egunero hildakoen eta gaixoen zifra amaigabeekin esnatzea, murrizketa eta debeku gogorragoekin oheratzeko? Belgikan, "aski da" esan dute, birusaren inguruko albiste kopurua %50 murriztuz.

Gure osasun mentala inoiz baino ahulagoa dela ez da sekretua; National Library of Medicine-n argitaratutako ikerketa honen arabera, europarren %60 antsietatea eta estresa jasan ditu pandemia hasi zenetik. Ezinegon horren atzean, neurri handi batean, etengabeko albiste jarioa dago; dagoeneko ezin dugu datu, iritzi eta informazio uholde amaigabea jasan.

Informaturik egotea ona eta beharrezkoa da, baina gainean daramagun pisu psikologikoa arintzen jakitea ere garrantzitsua da, eta etengabe sare sozialei ala komunikabideei begira egoteak ez digu on egiten. Horregatik, Belgikan koronabirusaren inguruko albisteak %50 murriztea erabaki dute, beldurraren mediatizazioa ekiditeko.

Ez da halako neurriak hartu dituen herrialde bakarra; Frantzian kalkuluak egin dituzte, eta egunero 13 ordu t'erdi eskaintzen dizkiote birusari komunikabideetan, gehienak prime time-n. Herbehereetako hiriburuan istilu ugari izan dira birusa ekiditeko hartutako osasun neurri zorrotzen harira; herritarrek ezin dute gehiago.