Koronabirusak ekarritako beste gaitzak: gosetea
Munduko 36 herrialde gosete larri baten atarian utzi ditu pandemiak.
Mundua aldatu dela ez da berria, baina batzuentzat amesgaiztoa hasi besterik ez da egin. Pandemia honek herrialdetako mugak itxi ditu, eta horrekin batera, hainbat gune isolatuta gelditu dira. Gauzak horrela NBEk txosten kezkagarria argitaratu du; bertan zehazten denez, iaz 55 herrialde eta 135 milioi biztanle elikagaiak lortzeko zailtasun larriak zituzten, eta orain, gosete larrien atarian gelditu dira.
Hain zuzen, txostenean jasotako biztanle horien gehiengoa nekazalgo gune txiroetan bizi dira, eta pandemiak itxi egin dizkie beren elikagai iturriak, hala nola, ehiza, arrantza eta laborantza. Bestalde, mugen itxierak nabarmen igo du hainbat lehengaien prezioa.
Afrika da gehien sufrituko duen lurraldea; Hego Sudanen, esate baterako, gerrate zibiletik ateratzen hasiak baziren ere, izugarri igo dira oinarrizko elikagaien prezioak: garia %62 eta tapioka %41.
Etiopia, Kenia eta Somalia ere egoera larrian daude; bertan, pandemia hasi aurretik 12 milioi lagun zeuden baldintza gogorretan lehorte eta uzta txarren ondorioz, eta koronabirusak okertu egin du bertako egoera.
