Kontzertua, emakume sortzaileen azoka eta antzerkia Aiaraldea Ekintzen Faktorian

Eneritz Furyaken musika emanaldia, Jon Ander Urrestiren antzezlana eta Aiaraldeko emakume sortzaileen azoka egingo dute asteburuan.

Laudion kokatutako Aiaraldea Ekintzen Faktoriak egitarau oparoa prestatu du datozen asteetarako. Joan den asteburuan Bi Zaldi taldearen kontzertua izan zen, eta oraingoan ere bada zer egin bertan. Lehenik eta behin, Aiaraldeko emakume sortzaileen azoka egingo dute bihar 12:00etatik 20:00etara. 12:00etan Dinagu kolektiboaren aurkezpena izango da, 13:00etan aurkezpen maratoia, eta 13:00etatik 14:00etara emakume ekoizleen produktuen bazkaria.

Bestetik, azokaren ondoren, Eneritz Furyak musikariak emanaldia eskainiko du, 21:00etan. Irundar musikariak Kasernat taldearekin aurkeztu zituen lehen aldiz berak idatzitako kantuak, gero bakarkako ibilbideari heldu zion eta hiru disko kaleratu ditu. Emanaldiaren ostean tokiko produktu ekologikoekin afaltzeko aukera egongo da. Mahaia erreserbatu nahi izanez gero,  722 84 67 62 telefono zenbakira deitu edo idazteko jakinarazi dute antolatzaileek. Zuzenekoa ikusteko sarrerak ere salgai daude.

Igandean, hilak 21, Antzerkia eta Txokolatea zikloaren barruan Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue antzezlana izango da, 18:00etan. 700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi da egilea, atez-ate, harri eta haga erorien aurrean. Baserriarekin dugun gatazkaren ingurukoa da obra, eta galtzen ari den ondare horrekin zer egin dezakegun hausnartuko du. Antzezlanaren ostean, solasaldia egingo dute sortzailearekin. 

Beste hainbat hitzordu ere badituzte aurrerago, hala nola kantu-afaria azaroaren 27an, Boga garagardoen dastaketa bertsotan azaroaren 26an, neguko truke azoka azaroaren 28an, eta beste pare bat antzezlan. 

Faktoriaren webgunean ikus daiteke agenda osoa