Kontzertu sarreren merkatu ezkutua

Kontzertu sarreren merkatu ezkutua “Kontzertu sarreren merkatuak ustez baino irabazi handiagoak ematen ditu. Birsalmentaren aitzakia aprobetxatuz, negozio-kate honetan parte hartzen duten guztiek irabaziak biderkatu dituzte azken urteotan, musika zaleok geroz eta prezio altuagoak jasaten ditugun bitartean.” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzertu-sarreren-merkatu-ezkutua/@@download/image/1140-concert-ticket-prices.imgcache.rev3c004d793f8d12d7d348c3265e133c77.jpg
2019/07/15
erreportajea

Julen Figueras

“Kontzertu sarreren merkatuak ustez baino irabazi handiagoak ematen ditu. Birsalmentaren aitzakia aprobetxatuz, negozio-kate honetan parte hartzen duten guztiek irabaziak biderkatu dituzte azken urteotan, musika zaleok geroz eta prezio altuagoak jasaten ditugun bitartean.”
Kontzertu sarreren merkatu ezkutua

Hala esaten dute, eta egia da: inork ez du diskorik erosten gaur egun. Musika ogibide duen edozein artistak badaki grabazioetan irabazi ohi zen dirua orain kontzertuetan dagoela. Irabazi ohi zena baino askoz ere diru gehiago. Azken bi hamarkadetan musika grabatuaren –CD-ak bereziki– irabaziak %50 murriztu diren bitartean, kontzertuenak seikoiztu egin dira.

Urtero, kontzertu txiki zein handitan, dirutza gastatzen dugu sarreratan. Eta, ohikoa den moduan, txanponen doinua entzun dute delitugile argienek. Hala, azkenengo urteetan, eta teknologiaren aurrerapenaz baliatuz, beren negozioa zabaltzeko aukera ikusi dute birsaltzaileek, ‘reventa’ deiturikoek.

Bigarren mailako merkatua

Egun, ‘bigarren mailako merkatua’ deitzen zaio, nahiz eta, funtsean, betidaniko birsalmenta den, hau da, sarrerak jatorrizko prezioan erosi eta bere bikoitz edo hirukoitzean saltzea. Baditu birsalmenta honek, halere, betiko amarruak berritzen dituzten elementu berri batzuk.

Gure gurasoen garaietan ez bezala –non birsalmenta pertsona talde batek egiten zuen– gaur egun, norbaitek programatu duen boot izeneko makinek egiten dute lan lasterra. Zuk edo nik sarrera pare bat erosterako, munduko edozein lekutik kontrolaturiko programa hauek ehunka erosteko astia izan dute.

Askotan errepikatu den istorio berbera da: Bruce Springsteen, Beyoncé, U2, Lady Gaga... Boot hauei esker, sarrerak minutu batzuetan agortu eta, hori gertatu bezain laster, ehunka aurki daitezke bigarren-mailako-merkatu horretan. Songkick konpainiaren ustez, kopuru osoaren %20, gutxi gora behera. Zaleen aldetik, tristura, haserrea, etsipena.

Egoera honen aurrean, sarrera salmenta konpainiak eta interesa jarri duten politikariak irtenbide bila ari dira. AEBetan, adibidez, legea aldatzeari ekin diote, eta orain isunak inoiz baino gogorragoak izango direla adierazi dute. Tamalez, birsalmentaren mafia uste baino korapilatsuagoa da.

Jarraitzaileok, biktima bakarrak

Jasotako datu ezberdinen arabera, sarreren “benetako” salmenta data, ofiziala baino nahiko lehenago hasten da. Alde batetik, kontzertuaren sustatzaileak, eragile ezberdinek eta artistak berak sarrera kopuru osoaren portzentaia bat ematen dute opari VIP delakoei: lagunei, politikariei edota eserleku hoberenak okupatzen dituen beste jende inportanteari. Horietako askok, kontzertuan interes nahikorik ez eta laster jartzen dute beren sarrera salgai.

Era berean, sarreren portzentaia bat irratsaio, eta promozio ezberdinentzat gordetzen da. Esate baterako, Euskadi Irratiak sarrera pare bat zozketatzen duen bakoitzean, salmentan atera ez diren sarrerez ari gara. Gainera, kontuan izan ditzagun artisten fanclub ofizialek jaso eta aldez aurretik saltzen dituzten sarrerak: guztira, eta batez beste, sarreren %38.

Hori ez da dena. Ticketmaster-en zuzendari izandako Nathan Hubbard-ek dioenez, Seatwave edota Viagogo bezalako webgunetan aurki daitezkeen sarrerak ez dira soilik aurretik azaldutako kasuetakoak. Eskaintza eta eskariaren lege lizunari jarraituz, kontzertu sustatzaileek badakite sarrerak oraindik ere garestiago sal ditzaketela.

Zaleei ehun eurotik gorako sarrerak saltzeak beren irudi publikoari kalte egingo diolakoan, sustatzaile batzuen azpijokoa hau da: prezio ofizialak igo beharrean, sarreren kopuru handi bat beren kabuz saltzen dute birsalmentan. Sorpresa handirik ez, beraz, Ticketmaster bezalako korporazio batek berea den bigarren mailako salmenta webgune batera bidaltzen zaituenean.
Artistak, reventak, sustatzaileak. Guztien artean, eta batez beste, sarreren %50 baino gehiago saldu edo oparitu dute bezero arruntek tiket bat eskuratzeko aukera izan aurretik. Kasu aipagarrienetan (Katy Perry eta holakoak), portzentaia %80tik gorakoa da.

Zer egin?

Aurretik aipatutako lege aldaketaz gain, AEBetan hasi dira ekimen ezberdinak probatzen. Soilik dirua irabaztea helburu dutenen aldetik, sarreren prezioa mugikorra izan dadin proposatzera iritsi da. Hegazkin txartelekin bezalaxe, kontzertuen prezioa gora eta behera mugituko litzateke ikuskizunaren data gerturatu ahala. Era berdintsuan, Live Nation korporazioaren zuzendaria den Michael Rapinok argi azaldu du: birsalmentarekin bukatzeko, sarrerek bere prezio altuenera jo behar dute. The Rolling Stones ikusteko 200, 300 edota 500 euro gastatzeko prest? Hori izango da, orduan, taldea ikusteko ordainduko duzun prezioa.

Birsalmentaren kontra egin dutenen artisten artean, proposamen etikoagoak azaldu dira. Adibidez, Broadway-en bost hilabetez gauzatuko duen ikuskizunerako, Bruce Springsteenek Verified Fan izeneko sistema bat jarri du lanean Ticketmaster-en laguntzaz. Sistema honen bitartez, “benetako” jarraitzaile direnen artean loteria bat egin eta sarrerak erosteko aukera ematen duen kode bat zozkatzen da. Oraingoz, beste artista askok bide berbera jarraitu dute, eta Springsteen beraren iritziz, sistemak arrakasta handia izan du, birsalmenta ia erabat desagerraraziz.

Bere aldetik, Taylor Swift abeslariak benetako jarraitzaile nor den jakiteko bide propioa egin du: bere diskoa erosten dutenek, ‘atsegin dut’ gehien ematen dutenek edota hashtag jakin bat zabaltzen dutenek, abeslariak eskainiko duen kontzerturako sarrerak lortzeko lehentasuna izango dute.

Musikaren munduaz kanpo, Louis C.K. komikoak sarrerak bere webgune pertsonaletik saltzea erabaki du, ikusleriarekin banakako tratu gertuago eta justuago bat lortzeko asmoz. Baina halako kasuetan, sarrera eskuratzeko erabili den kreditu-txartela erakustera behartzen dute eroslea, horrek dakarren denbora (ilara amaiezinak) eta baliabide (langileak, segurtasun neurriak) gastuarekin.

Etorkizunean gailenduko den sistema zein izango den oraindik ez dakigu, baina joera batzuk ziurtasunez baiezta ditzakegu dagoeneko: zuzeneko musikaren negozioa zabaldu egingo dela, kontzertuak eta festibalak ugarituko direla eta, era batera edo bestera, musika jarraitzaileok prezioen igoera ordaintzen jarraituko dugula.