Kontuz esanahi hutseko etiketekin!
Gluten gabe, laktosa gabe, nitrito gabe, sulfito gabe, hormona gabe... ongi etorri gabeziaren obsesiora!
Kontsumo ohiturak etengabe eraldatzen dira, eta egun produktuen etiketetan jartzen duenarekin obsesionaturik bizi gara. Hala, gure arreta bereganatzen dute gluten gabe, laktosa gabe, nitrito edo sulfito gabe, hormona gabe eta gabe guztiak biltzen dituzten produktuak. Baina, benetan ote dira onenak? Eta garrantzitsuena, etiketa horietan jartzen duenagatik gehiago ordaindu behar al dugu?
Noski, alergia edo intolerantzia bat ekidin behar badugu, ezinbestekoa da halako produktuak bilatzea; baina gabe hitza daramaten elikagaiekin obsesionatzea ez da ona ez gure osasunarentzat ezta gure poltsikoarentzat ere. Glutenik gabeko elikagaiak beharrezkoak dira osagai hori toleratzen ez dutenentzat, baina horrek ez du esan nahi osasuntsuagoak direnik; alderantziz, gehiago ordainduko duzu zure osasunean inolako onurarik eragin gabe. Glutenaren aurkako obsesioak pauso bat aurrera egin du, eta dagoeneko glutenik gabeko kosmetikoak ere saltzen dituzte, inolako zentzurik gabe, glutenak soilik digestio aparatuari eragiten baitio.
Laktosarik gabeko produktuek ere, ez dute onurarik eragingo gure gorputzean; soilik elementu hori toleratzen ez dutenei zuzendutako produktuak dira. Gainera, laktosa hartzeari uzten badiogu, hurrengoan hartzen dugunean ez digu onik egingo, gorputza ohitu egiten delako. Agur izozki eta kafesneei!
Baino marketina urrunago doa; orain, berez ez dituzten osagaiak ez dituztela adierazten dute hainbat produktuen etiketek. Adibidez, "Zuku naturala laktosarik gabe" irakurri daiteke askotan, frutak berez laktosarik ez duenean. Beste askotan kontsumitzailea engainatzen dute, azukre gehiturik gabeko gailetak edota kontserbarik gabeko urdaiazpikoa saltzen digutenean; errealitatean ez dira ezer esaten ari.
glutamato monosodio GABE, nitrito GABE ETA sulfito GABE
Ohiko gabeziei berriak gehitu dizkiete, eta egun, hitz arraro horiek ere irakurri daitezke etiketetan; baina zer esan nahi dute? Sustantzia hauek izen txarra dute, kimikoak eta artifizialak dirudite, eta horiek gabeko elikagaiak osasuntsuagoak dirudite, baina ez da beti horrela. Nitrito eta sulfitoak haragia, ardoa edota fruitu lehorrak zein patata frijituak kontserbatzeko erabiltzen dira, eta ezinbestekoak dira elikagai horiek fresko mantentzeko. Hala, nitrito gabeko produktu bat aurkitzen duzunean, begiratu ea erremolatxa, espinakak edo apioa duen; nitrito hitza baina osasuntsuagoa dirudi, ezta? Bada berdinak dira; barazki horiek nitritoa dute, eta beraz, berdin kontserbatzen dute haragia. Horra hor trukoa!