Kontsumitzen ditugun elikagaien %5 dira bertan sortuak

Mugarik gabeko albaitariak, EHNE – Bizkaia eta Emaus gizarte Fundazioak sorturiko partzuergoak Politika Publiko eta Elikadura Burujabetzari buruzko ikerketa bat argitaratu du. Jasotzen dituen datuak kezkagarriak dira. 


Ikerketaren helburua politika berriak bultzatzeko norabideen bilaketa eta elikadura burujabetzaren ikuspuntutik tokiko errealitatearen hausnarketa eta azterketa erraztea da.

Nekazaritza, baliabide naturalen kudeaketa, lurzoruen erabilpena, kontsumo soziala… Gisa honetako gaien inguruan maila ezberdinetako araudiek esaten dituztenak aztertu dira, nazioartean alor hauetan arrakastatsuak izan diren ekimenak hartzen dira eredu gisa, eta beharrezkotzat jotzen da tokian tokiko eskalan lanean hastea elikadura burujabetzaren nazioarteko paradigma eraikitzeko.

Egun indarrean dagoen nazioarteko elikadura sisteman ekoizten diren elikagaien heren bat galdu egiten da 1.000 milioi pertsona inguru gosez bizi den bitartean. Multinazionalen inportazioen esku dagoen sistema honek merkatu eta prezioen menpe uzten du gizartea, elikaduraren kalitatearen murrizketa dakar, biodibertsitatearen galera, energia gastu handiegia… EAEn ere kontsumitzen ditugun elikagaien %5 baino ez dira bertan sortuak, eta bazterrean utzitako sektorea da lehen sektorea. 1980an ekoizle baserritarrak 50.000 baziren egun 9.520 baino ez dira.

Bidean atzera egin eta galdutakoa berreskuratzen hasi beharra dago, baina bide berri batetik.