Kontaketa erotikoen idatzizko lehiaketa abian

Abenduaren 31ra arteko epea dago 6.000 eta 20.000 karaktere arteko euskarazko kontakizun erotikoak bidaltzeko.

Kaixomaitia.eus webguneak Kontaketa Erotikoen Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du, Elkar argitaletxearekin batera. 2007an sortu zen webgunea euskaldunon harremanetarako, eta 2015ean bloga txertatu zuten, "euskarazko edukiak sortu eta zabaltzeko".  Esate baterako, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin lotutako orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak biltzen dituzte bertan. Iaz lehen aldiz antolatutako lehiaketaren "arrakasta ikusirik", bigarren edizioari heldu diote oraingoan.

18 urtetik aurrerakoek parte har dezakete lehiaketan eta nahi beste lan aurkez daitezke. Kontakizunaren luzera 6.000 eta 20.000 karaktere artekoa izango da, euskaraz idatzitakoa izan beharko du eta beste inon argitaratu gabea. 

Jasotako lan guztiak webgunean argitaratuko dituzte abenduaren 31n. 2022ko otsailaren 28rako aukeratuko dituzte zortzi finalistak eta martxoaren hasieran egingo dute sari banaketa ekitaldia. Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, bigarren sailkatuak 500 eurokoa eta hirugarrenak 250 eurokoa. Gainera, lehen zortzi sailkatuek Elkar argitaletxearen liburu-sorta eta 100 euroko Elkar liburu- dendetarako opari txartel bana jasoko dituzte.

Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: Dorleta Kortazar Alkoz ipuin kontalaria, Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle eta editorea, eta Iñigo Arandia Galarraga webguneko kudeatzailea. Hiru epaimahaikide hauek zortzi finalista aukeratuko dituzte jasotako lan guztien artean. Ondoren, zortzi lan horiek atariko harpidedunen artean baloratuko dira. Bukatzeko, balorazio hauei epaimahaikideen azken balorazioa gehituko zaie, eta orduan zehaztuko dituzte hiru saridun nagusiak.

Testuen kalitate narratiboa eta literarioa hartuko du kontuan epaimahaiak eta baita hizkuntzaren erabilera maila, eta bereziki erotismoaren, harreman afektibo eta sexualen kontaketan erakutsitako hiztegi, metafora eta esamoldeen aberastasun eta originaltasuna ere. Horretaz gain, idazlanak genero berdintasunean eta honen errespetuan oinarrituak izatea eta heteronormatibitatetik haratagoko harreman afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea ere baloratuko dute. Era berean, kontuan hartu ahal izango dute idazlan horiek Kaixomaitia.eus–en blogean, nahiz sare sozialetan publikatzean izan dezaketen edo izandako oihartzuna.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 31ra bitarte eta, horretarako, webgunean bertan formularioa bete eta kontakizuna igo beharko da. Oinarriak atarian daude kontsultagai.