Komun inklusiboak izate aldera, aniztasuna islatzen duten irudiak ipintzeko ekimena jarri dute martxan
Irudiak nahi den euskarrian inprima daitezke, ondoren udaletako, kaleetako, tabernetako, zein beste edozein tokitako komunetan jartzeko.
"Gaur egun oraindik ere komun publiko gehienetan sexu binarismoa eta bazterketa bultzatzen duten irudiekin gogaituta", NAIZENeko kide den familia batek "aniztasuna eta berdintasuna bermatzea guztion ardura dela" gogorarazteko irudi-sorta diseinatu du.
"Betidanik komunetan ezagutu ditugun soinekodun edo soinekorik gabeko iruditxoek pertsona asko egoera deserosoan jartzen ditu eta guztiak estereotipo ez berdinzaleetan kokatzen gaitu", azaldu dute.
Hori saihesteko asmoz, lau irudiz osatutako diseinua sortu dute, komunetan jarri ahal izateko. Batean, aniztasun sexuala irudikatu dute, beste batean zaintza guztiona dela aldarrikatu dute, hirugarrenean komun irisgarriak izatearen premia islatu dute, eta azkenik, hileko kopa husteko espazio aske eta segurua izatearen beharra.
Ekimen hau ahalik eta toki gehienetara iristea nahiko lukete, eta, horretarako, irudiekin osatutako pdf-a deskargatzeko aukera dago sarean. Bertatik hartu eta nahi den euskarrian inprima daiteke.
Udaletxeei, kiroldegiei, elkarte publiko eta pribatuei, tabernei, jatetxeei, gaztetxeei eta gainerako tokiei ekimen honekin bat egin eta "aniztasunaren altxorra lau haizetara zabaltzeko" deia egin diete.