Koldo Almandozek 'Azken agurra' filma estreinatuko du Donostiako Zinemaldian
Sail Ofizialean izango da, eta Iñigo Azpitarte eta Izaro Nieto aktoreak dira protagonistak.
Koldo Almandoz zinemagileak Azken Agurra, bere hirugarren film luzea, estreinatuko du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, Proiekzio Berezi bezala. Almandozek berak idatzi eta zuzendu du filma. Donostian bertan sortutako pelikula da, eta Koldo Almandozek adierazi du pozten dela pelikula filmatu duten hirian aurkeztu ahal izateaz.
Tomas, 45 urteko antiheroia, da filmaren protagonista. Hileta zibilak antolatzen dituen enpresa baten jabea da, aita baldarra, enpresari kaotikoa, ameslari zentzugabea, eta erabaki zalantzangarrien artean bidea egiten saiatzen dena. Praktiketan dagoen hogei urteko idazkari gazteaz maitemindu da, mozkor gidatzeagatik gidabaimena kendu diote, eta dirua zor dion boxealari ohia bere atzetik dabil. Kontraesan existentzialak eta heriotzan pentsatu gabe bizitzen saiatzearen paradoxa gorpuzten ditu pertsonaiak.
"Umore beltz nabarmena" duela aurreratu dute, eta "bizitzari eta heriotzari ironiaz, samurtasunez eta gizatasun zentzu sakon batez" begiratzen diola.
Drama eta komedia existentzialista honetan, Iñigo Azpitartek hileta laikoen enpresa baten jabearen rola jokatuko du, eta Izaro Nietok haren bulegoan praktikak egiten dituen neska gaztearena. Gainerako aktoreak Iñaki Beraetxe, Iraia Elias, Joxean Bengoetxea, Laia Escribano, Sara Cozar, Miguel Garcés, eta Jose Ramon Soroiz dira.
Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak dozena bat ekoizpenekin parte hartu izan du Zinemaldian, esaterako Kimuak egitasmoan hautatutako film laburrak, Oreina filma edota Zeru Ahoak telesaila. Irailean Azken Agurra ikusi ahal izango dute Donostiako Zinemaldira bertaratzen direnek.