Koarentenako dieta: zer eta noraino bete hozkailua etxean ahalik eta gehien geratzeko
Egun hauetan zein produktu da baliagarri? Beharrezkoa al da hozkailua goraino betetzea?
Beharrezkoa? Ez noski, ez baitirudi egoera ikusita supermerkatuak hutsik geratuko direnik, beraz ez dugu horretaz kezkatu beharrik. Horregatik, nutrizionisten iritziz ez da beharrezkoa oraindik husten hasi aurretik berriz ere hozkailua betetzea. Isolamendua erlatiboa baita eta gainera epe muga bat baitu.
Gertatzen ari dena beraz, gehiago da beldurrak eragindako jokabidea. Zer da hobea erosketa handi bat ala txiki batzuk? Ez dago alderik, norberari erosoena zaiona egitea da onena. Baina handi bat edo txiki asko eginda ere argi eduki behar duguna da zentzuz egin behar dugula erosketa. Garrantzitsua da aglomerazioak ekiditea, baita distantzia soziala mantentzea ere, beraz, zenbat eta gutxiago joan supermerkatura hobe. Helburua ez da behar ez dena erostea, baizik eta onena erostea modu antolatu batean. Hala ere, erosketa handia egitearen ideiarekin bazabiltza gomendagarria da elikagai osasuntsuak eta iraungitze data luzekoak erostea eta otorduak ondo antolatzea.
Baina orduan zer erosiko dut?
Garrantzitsuena erosketa logikarekin egitea da, elikagaien iraungitze data kontuan hartuz. Ez du zentzurik elikagai freskoak pilatzea egun batzuetara hondatuko badira. Hauek dira adituek erostea gomendatzen duten elikagaiak:
- Azkar hondatzen ez diren frutak (sagarrak, laranjak, udare heldu gabeak)
- Barazkiak (azenarioak, patatak, kuia, kuiatxoa, piperrak, porruak, tipula, baratxuriak)
- Jogurtak, haragi edo arrain izoztua, lekaleak (dilistak, txitxirioak, babarrunak), fruitu lehorrak, arroza, pasta eta irina, kontserbak, esnea, gazta, ogi txigortua eta arrautzak.
- Gehitu zerrenda horri aurretik prestatuko platerak (izan dilista edo haragi-bolak) eta baita olio, gatz, azukre eta ozpina ere.
Beste zenbait aholku erosketa jasangarri baterako
- Inguruko tenperatura ondo jasaten duten fruta eta barazkiak erosi.
- Arrautzak aukera egokia dira, lau aste iraun baititzakete hondatu gabe, hori bai, hozkailuan gorde behar dira beti.
- Ogirik gabe otordu bat ulertzen ez duzunetakoa bazara, aukerarik onena ogia izoztea da edo ogi integraletara jotzea.
- Esnea hartzeko ohitura baduzu kalkulatu egunero zenbat beharko zenukeen. Ez da beharrezkoa apalategi guztia erostea, ziurrenik 6 litrorekin nahikoa izango da.
- Garbiketa produktuei dagokienez, ohiko kantitateak eskuratu, xaboia edo lixiba agortu bazaigu botila bat hartu, ez tona bat.
Ez zaizula ezer ahaztu ziurtatzeko, adituek eguneko menuaren errepasoa egitea gomendatzen dute: zer gosaldu ohi dugun pentsatu (kafea, esnea, zerealak adibidez), zer bazkaldu eta zer afaldu ohi dugun eta otorduetatik kanpo fruitu lehorren bat ahoratzea gustatzen ote zaigun.
Orgatxo goraino betearen aurrean bada alternatibarik beraz, eta hausnarketa bat egin beharra dago: zer egingo dugu erosi ondoren soberan dugun janari horrekin? Janari horietako zenbat izoztuko da? Zenbat geratuko da txoko batean ahaztuta zakarretan bukatu arte? Horregatik, hau ez gertatzeko beharrezkoa, lasai joatea erosketak egitera eta benetan erabiliko duguna soilik eskuratzea.