KLASIKOAK ASTINDUZ: OPERAK, INDARKERIA MATXISTAREN ISLA

KLASIKOAK ASTINDUZ: OPERAK, INDARKERIA MATXISTAREN ISLA Ongi etorri 'Klasikoak Astinduz' gomendioen txokora! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klasikoak-astinduz-operak-indarkeria-matxistaren-isla/@@download/image/fc037aef-4aba-4a97-a4da-1df14dee4f14.jpg
2020/11/25
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ongi etorri 'Klasikoak Astinduz' gomendioen txokora! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta!
KLASIKOAK ASTINDUZ: OPERAK, INDARKERIA MATXISTAREN ISLA

Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriaren eguna dugu; zoritxarrez, oraindik ospatzeko gutxi dugu, gizarteak oraindik ez baitu gaixotasun horri heltzeko adorerik izan. Denok dakigu indarkeria fisikoa eta hilketak gaixotasun horren sintoma larrienak direla, izeberg-aren punta; baina aurretik beste ehunka sintoma daude, eta aurretik, indarkeria matxista betikotzen duten jarrerak, gizarteak berak irakatsiak. Indarkeria ikasi egiten den zerbait delako.

Eta esango duzue, zer ikusia du ba emakumeen aurkako indarkeriaren eguna operarekin? Bada uste duzuena baino gehiago. Kontuan hartu, operak direla garai bateko filmak; hori baino gehiago, Hollywoodeko super ekoizpenekin alderatu genezake operen fenomenoa. Gauzak horrela, operek gizartearen nahiak eta desirak islatzen zituzten; ezinezko amodio istorioak, diru eta titulu borrokak, gerrak, boterea, sekretuak eta gezurrak... eta heriotza. Gizakiaren pasioak askatzen ziren oholtza gainean, baita ilunenak ere. 

Gauzak horrela, esan genezake operarik famatuenak izugarri matxistak direla; horrek esan nahi du egileak misoginoak zirela? Ez du zertan, izan ere, konposatzaileek aurretik arrakasta izandako istorioak (libretoak) hartzen zituzten, eta haiei musika ipini. Hori baino gehiago, esan daiteke libreto ala istorio horiek gizartearen isla zirela; amodiozko istorio tragiko horiek maite zituztela, horrela funtzionatzen zuelako munduak. Maitasunagatik hiltzea ala akatzea erromantikoa zen garai horretan, eta batzuetan, egungo gizartean ere hala ulertzen da oraindik.

Operek kontatutako istorio matxista horiek iraganeko kontua direla uste baduzue, adi jarraian jasotako adibideei. Goazen Bizeten Carmen operarekin hastera. Opera hau XIX. mendean idatzi zen, baina istorioa gaur egungoa dirudi. Carmen protagonista emakume independente eta indartsua da; amodioa gauza libre baten moduan ulertzen du, eta maitemintzea gogoko duen arren, ez du gizon bakar bati lotzeko asmorik. Polimaitasunaren eredu bezala ere hartu genezake. Gauzak horrela, Carmen Don Josez maiteminduko da, eta hau ere emakumeaz maitemindu dela usteko du; baina Carmen izpiritu librea da, eta ez dio Don Joseri esklusibotasunik eskainiko, Escamillo toreroaz maiteminduz. Don Josek ez du hau onartuko, eta Carmen mehatxatuko du: "Edo nirea zara, edo ez zara inorena izango". Leloa zaharra iruditzen zaizue? Ez, ezta? Carmenek erantzungo dio: "Hil nazazu ala utzidazu pasatzen". Asmatzen duzue zer egingo duen Don Josek? "Maite nuelako hil nuen" esaldiaren irudikapena da opera honen amaiera. 

Hain da bortitza opera honen amaiera, ezen hainbat ekoizpenetan amaiera aldatzen hasi diren, Carmeni bere burua defendatzeko aukera eskainiz. Puristek ez dute begi onez ikusten aldaketa, baina egungo garaietara egokitzeko saiakera dela diote aldaketaren aldekoek; zoritxarrez, egun halako krimen matxistak ia eguneroko kontua dira munduan. 

Zenbatetan entzun dugu albistegietan: "Emaztea hil ondoren bere buruaz beste egin zuen". Bada horixe gertatzen da ere Verdiren Otello operan. Opera hau ere XIX. mendean egin zen, baina libretoa Shakespeareren Otello liburuan oinarrituta dago, 1604an idatzita, hain zuzen; indarkeria matxistaren sustraiak zeinen zaharrak diren ikusi dezazuen, ez baikara horrenbeste mendetan ia ezer aldatu. Otello eta Desdemona maitasun perfektuaren irudia dira operaren hasieran; baina Otello zelati hutsa da, eta Yago gaiztoak xaxatuta, emaztea desleiala zaiola pentsatzen hasiko da, horren froga bakarra ez duen arren. Azkenean, Desdemona gajoa akatuko du; hori bai, hil eta berehala zenbat maite zuen adieraziko dio, musuak emanez, eta honenbestez bere buruaz beste eginez. Lehenago hortik hastea ere bazuen!

Pucciniren operetan ere, emakumeak gizonen matxismoaren biktimak dira; Madama Butterflyn adibidez, adin txikiko maiko bat marinel ezkondu batekin gezurretako ezkontza batean ezkontzen dute; honek haurra izango du, baina ez du marinelaren berririk izango; urtetara, eta miserian dagoelarik, marinelak haurra berekin eramango du, eta Madama Butterflyk bere buruaz beste egingo du.

 

Halako opera gehiago daude, baina argi izan ez direla maitasun istorioak, emakumeen aurkako indarkeria istorioak baizik. Hala hartu behar ditugu eta hala ikusi, bizi dugun gizartearen isla ilunena direlako, baina erreala zoritxarrez. Maitasunez mozorrotutako indarkeria hori ez da desagertu, eta bestela, adi datuei: 2017an, 87.000 emakume hil zituzten munduan, bataz-beste, egunean 137 emakume. Horrekin batera, emakumeen erdiak indarkeria matxista jasan du bere bizitzan. Espainiako Estatuan, aurten, 41 emakume hil dituzte orain arte. Atzo bertan, Donostian gizon bat atxilotu zuten, bere emaztea labankadaz hiltzen saiatu ondoren. Indarkeria matxista ez da iraganeko kontua.