Klasiko garaikideak

Formakuntza klasikoa jaso dute musika garaikidea imajinatu eta sortzeko. Ez duelako zentzu handirik XXI. mendeko Mozart berriak idatzi, jo eta entzutearekin tematzeak; musikaria, zenbat eta adimen zabalagoduna, orduan eta osoagoa eta aberatsagoa delako. Euskal Herrira egindako bisitatxo batean lotu ditugu Urquiza konpositorea eta Zubimendi soinujolea; burua nahiz hatzak dantzan jarriz, konpas zein izerdi tanta bakoitzean darien talentua eta pasioa ere lerro eta irudi hauetan harrapatzeko gai izango ahal gara!

Honetan bete-betean murgilduta daramatzazuen urte hauetan zertan gauzatu da zuen progresioa?
Mikel Urquiza. Esango nuke bi mailatan eboluzionatu dudala; ez baitut uste hitz egokia ‘hobekuntza’ denik, baizik eta garapena. Alde batetik, gauza bereziagoak imajinatzeko gaitasuna garatu dut, bereizgarritasuna garatu dut. Eta, bestetik, buruan dudan ideia hori musikatzeko iaiotasuna ere aldatu da. Inspirazio-iturriak asko eta askotarikoak baitira; pelikula bat izan daiteke, une bat... Nik zer dakit! Baina hori gero musika bilakatu behar duzu, instrumentu bakoitzaren ñabardurak ondo-ondo ezagutu behar dituzu gainera; lortu nahi duzun musika bere osotasunean pentsatu baina, era berean, tresnaka disekzionatu.
Maria Zubimendi. Nik gero eta teknika hobea ez ezik, obrak irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna findu dudala nabaritzen dut. Bestalde, lehen zortzi ordu kostatzen zitzaidana orain agian bost ordutan lortzen dut eta gainera autonomia ere irabazi dut, bakarrik ikasteko eta lan-saioak nire kabuz planifikatu eta bideratzeko ahalmena, alegia. Eta garrantzitsuena: berezi egiten nauen berezko izaera artistikoa garatu dut.


Mikel, zuk konposatu bai baina ez dituzu kontzertuak zuzentzen, zure obren azken emaitzan ez duzu parte hartzen, kanpotik ikusten dituzu. Nola bizitzen duzu hori?
M.U. Nire lan-prozesuak bi garai ezberdin ditu. Lehenik obra idazten dut, eta gero idatzitako horren interpretazioa gertutik jarraitzen dut entseguetara hurbilduz eta abar. Aldi bakoitzean pertsona ezberdin bat naiz, eta nire optika ere ez da berbera izaten bi faseetan. Lehenengoa lan bakartia da, nire barrenari entzuten diot. Bigarrena, aldiz, soziala da, besteen jotzeko moduari entzuten diot eta, gainera, nik neuk ere interpretatzaile rola neureganatzen dut: “Nola egin dezaket beste ‘ni’ horrek idatzitakoari ahalik eta zuku gehien ateratzeko?”, pentsatzen dut.


Hitz egidazu lehen faseaz, konposatzeaz.
M.U. Obra bat idazteko pare bat hilabete behar izaten dut. Enkarguz egiten ditut, bestela ezingo nukeelako bermatu idazten dudan hori inoiz eta inon inork joko lukeenik. Ia egunero idazten dut, lauzpabost orduz... baina idazmahaiaren inguruan zortzi edo bederatzi ordu eman ditzaket, e! Papera, arkatza eta borragoma erabiltzen ditut, borragoma asko! –barrez–. Behin eta berriz berrikusi arren, beti aurkitzen ditut akatsak edo hobetu beharreko detaileak. Horrela, fisikoki, eta ez ordenagailuz, idaztea gustatzen zait; paperarekin dudan kontaktu hori interpretatzaile batek bere instrumentuarekin duen harremanarekin konpara daiteke. Musika idazketa musika gauzaketa da, ideiari paperean forma ematea, eta hori fisikoki egitea askoz solidoagoa da informatikoki egitea baino. Ordenagailuz eta programa baten bitartez egiten dudanean iruditzen zait konposizioa ez dela existitzen, ez dela gauzatzen, iheskorra dela. Bestalde, paperak mugak ditu, hamar konpasek leku jakin bat betetzen dute orrialde bakoitzean, eta muga horiek nire mahaiaren gainean geografia jakin bat marrazten laguntzen didate. Orkestrarako idazten dudanean esaterako, biolinek leku jakin bat hartzen dute paper horretan, lerro jakin bat, flautek beste bat, perkusioak beste bat... Nolabait orkestra bisualizatzen dut eta, idazten ari naizela, eskua gora edo behera mugitzerakoan badakit norentzat konposatzen ari naizen. Geografia hori benetan lagungarria da.


Bilatzen duzun soinua deskribatzeaz aparte, beste mezu edo oharren bat jasotzen al duzu zure partituretan?
M.U. Leunkiago edo bortizkiago jotzeko eska dezaket, eta horrekin zeharka gorputz-jarrera jakin bat eskatzen ari naiteke beharbada... baina normalean ez naiz horretan gehiegi sartzen...
M.Z. ... soinuari plastizidade hori ematea interpretatzaileoi dagokigu. Eta, zentzu horretan, dudarik gabe, gehiago gustatzen zaigu eskuz idatzitako partiturak irakurtzea, eskaneatuak, askoz ñabardura eta pista gehiago ematen dizkigutelako, idazkerak adierazkortasun handia jaso dezakeelako. Eskuidatzia oso narratsa bada, editoreek ordenagailuzko bertsio erosoagoak kaleratzen dituzte eta bidean informazio asko galtzen da, horregatik, horrelakoetan, komenigarria eta interesgarria da jatorrizko bertsioa ere alboan edukitzea.

 


Eta zuk Maria? Nola egiten duzu lan?
M.Z. Nirea ere oso lan bakartia da. Izan ere, bakarlari esparrua asko gustatzen zait eta normalki egunean zortzi ordu pasatzen ditut entseatzen; eskusoinua eta biok. Bakardade hori konpentsatzeko, beste saltsa batzuetan ere banabil: Zukan hirukoarekin enkarguz obra berriak estreinatzen ibiltzen gara, eta kontserbatorioan edota masterrean ezagututako jendearekin konbinazio ezberdinak esperimentatzen ere ibiltzen naiz, joera berriak uztartzen. Funtsean, errepertorio bat aukeratzen dut, proiektu baten baitan edo ez, eta errepertorio horretarako bidelagunak bilatzen ditut. Emanaldi hauek nork kontratatuko dituen bilatzea ere niri dagokit gehienetan eta, oraindik goi mailako eskolatik atera berria naizenez, kontratazioek ez didate bizitzeko adina ematen. Gurasoei esker bizi naiz une honetan! Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak beka ukatu dit, baina datorren urtean Suitzan ikasten jarraitu ahal izateko hango pare bat diru-laguntzatara aurkeztu dut curriculuma, eta baikorra naiz. Ikasten segitzearekin batera klaseak ematen hastea ere badut buruan.

[...]

Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, kioskoetan aurkituko duzu otsaileko GAZTEZULO; laster, edizio digitalean!