Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren irakurketa jarraitua egingo dute bihar
Goizeko zortzietatik ordu bietara egingo dute, Arriaga antzokian.
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVII. edizioan Bilbao-New York-Bilbao Kirmen Uriberen eleberria irakurriko dute bihar. Berrehun bat lagunek ahotsetan entzun ahal izango da liburuko testua, Arriaga antzokian, 08:00etatik 14:00etara.
Kirmen Uribe bera hasiko da irakurtzen eta ondoren parte-hartzaile ugari izango dira: kultura eta gizarte eragileak, ikasleak, irakasleak, elkarteetako kideak... Irakurketa bideo bidez ere egingo dute Bilboko institutuetako ikasleek, diasporako kideek eta munduko euskal etxeetako euskara ikasleek.
Arriaga plazan jarriko duten pantaila erraldoiaren bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia, eta baita eitb.eus atarian ere.
Uriberen hitzaldia gaur
Ekimen honen aitzakian, pare bat hitzaldi ere antolatu dira eta gaur izango da bigarrena. Kirmen Uribek Bilbao- New York- Bilbao: Nondik datoz istorioak izeneko hitzaldia emango du. Hitzordua 19:00etan izango da, Bilboko Plaza Barrian kokatutako Euskaltzaindiaren egoitzan.