Kirmen Uribek eta Itziar Ugartek jaso dute Espainiako Kritikaren Saria
'Izurdeen aurreko bizitza' eleberriagatik egin diote aitortza Uriberi, eta 'Gu gabe ere' poema liburuarengatik Ugarteri.
Espainiako Kritika Literarioaren sariak jakinarazi dituzte, eta, euskarazko lanen artean, Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza eta Itziar Ugarteren Gu gabe ere poema liburuak hautatu dituzte. Kirmen Uribek saria jasotzen duen laugarren aldia da, 2002an Bitartean, heldu eskutik poema liburuarekin, 2009an Bilbao-New York-Bilbao eleberriarekin, eta 2016an Elkarrekin esnatzeko ordua nobelarekin lortu baitzuen.
Kirmen Uribek bere alter egoa erakutsi du Izurdeen aurreko bizitza eleberrian, Nora eta bien seme-alabekin New Yorkera bizitzera joan dena, beka baten eskutik, Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idazteko asmoz. Dorothy and Lewis B. Cullman Center liburutegian haren bizitza biltzen duten 176 kutxetan arakatuko du. Edith Wynner, liburutegiko langile izandakoa, Schwimmerri buruzko liburua idazten aritu zen 40 urtez eta sekula ez zuen bukatu, baina berari buruzko informazio asko utzi zuen bilduta. Kaxa horietan aurkituko ditu Uri idazleak haren umezaroari buruzkoak, emakumeen askapen mugimendura nola lotu zen, Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia antolatzeko egindakoak. Eta, halabeharrez, hungariarraren bizitzarekin batera korapilatuko da idazlearena berarena ere; familiaren egokitzapena sekula lorik egiten ez duen hirian, eta baita haurtzaroko bizipenak, borrokak, minak, eta izebarekin elkarbanatutako guztia ere.
Pandemia iristean, umeen ongizateak hartuko du garrantzia, krisialdia izango du Urik, eta Edith Wynerri gertatu zitzaiona gertatuko ote zaion kezka sortuko zaio, ez ote duen liburua amaituko, alegia. Orduan, idazlearen bikotekideak, Norak, hartuko du kontaketaren ardura. Urtetan ikusi ez duen umetako lagun-minari idatziko dio koadernoan euren oraingo bizitzari buruz eta, aldi berean, gogoan dituen haurtzaroko oroitzapenak berrituko ditu. Lehen zatian, beraz, gizonezkoa ari da emakumeei buruz eleberria idazten, eta bigarren zatian, emakumeak hartzen du ahotsa gutun horien bidez.
Itziar Ugarte Irizarren Gu gabe ere lehenengo poema liburuak une bat jasotzen du , “dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen momentua”. Erabaki, aurkikuntza eta oroitzapen berrien garaia izango da. 57 poema idatzi ditu guztira, azken lau edo bost urteetako uzta izan dena. Beregainak diren arren, bada lotura euren artean, eta kontakizun moduko bat sortzen dute.
Denborak badu garrantzia testuetan, gaztarotik helduarorako trantsizioa agertzen baita, eta baita adineko senitartekoen heriotzaren ondorengo tartea ere. “Nola garai baten azkenak zareten/ eta joan ahala zuekin daramazuen/-nirea ez izanagatik,/ni ere egin nauen- mundu bat”. Haien hutsunea ez da modu ilunean ageri, ez du mina ezkutatzen, maitasuna eta esker ona gailentzen da.
Inguruari ere erreparatu dio eta munduan duen tokiaz hausnartu du. “Nik ez dut hotzak heriotzaraino/ ikara dezakeen bizilagunik/ ez eta elikagaien bankuan/ ilara egiten duenik”. Horri honako hau ere erantsi dio: “Ez dira nire lagun hurbilak/putak, beltzak, hiesa dutenak/15 urterekin ama direnak”. Eta norberaren kontraesanak azaleratuz amaitu du poema: “Denen alde paratzen naiz/aukera dudanero/eguneroko joan isilean/inoren alboan eseri barik”. Haatik, elkarreraginaz metafora eder hau osatu du: “Azukre koxkor bat uretan bezala/desegiten doa jendea/jendearengan”.
Absentzia eta presentzia, orainari eta etorkizunari lotutako memoria, eta bizitzeko grina uztartzen ditu egunerokotasuneko mundu txiki bezain handi horri egindako erretratu honek.
Gaztelaniaz, katalanez eta galegoz ere bai
Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak urtero banatzen ditu sariak, aurreko urtean gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz argitaratutako lanei aitortza egiteko, narrazioan zein poesian. Gaztelaniaz, Jordi Ibañezen Infierno, Purgatorio, Paraíso nobela eta Maria Angeles Perez Lopezen Incendio mineral poema-bilduma aukeratu dituzte. Katalanez, Borja Bagunyaren Els angles morts eleberria eta Joan Todoren La vista als dits poema liburua izan dira hautatuak. Eta galegozko lanen artetik, berriz, Diego Ameixeirasen O cervo e a sombra nobela eta Medos Romeroren E o sol era Ela poema liburua izan dira sarituak. Atzerriko hizkuntzaren modalitatea ere izan da aurten, eta Maggie O'Farrell irlandarraren Hamnet saritu dute.
