Kirmen Uribek bere azken liburuaz solas egingo du Itziar Ituñorekin batera Donostian
'Izurdeen aurreko bizitza' lanaren inguruan arituko dira hizketan, eta liburuaren pasarte batzuk ere irakurriko ditu Ituñok.
Kirmen Uribe idazlea eta Itziar Ituño aktorea solasean arituko dira bihar Izurdeen aurreko bizitza liburu berriaren inguruan, eta baita bertan jorratzen diren hainbat gairen bueltan ere: migrazioak, feminismoa, bakezaletasuna, adiskidetasuna... Hizketaldiaz gain, Itziar Ituñok liburuaren pasarte batzuen irakurketa egingo du. Ez da Ituñok Kirmen Uriberen liburu baten irakurketa eskaintzen duen lehen aldia izango, aurretik 17 segundu poesia liburuaren irakurraldia egina baita.
Uriberen azken eleberriaren izenburuaren nondik norakoa honela azaldu dute: "Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Eta behin gorputzez aldatuta, ezin berriz lehengora itzuli. Migranteari ere gertatzen zaio halakorik herrialdez aldatzen denean. Mudatzen zaio bizitza eta ezinbestean baita atzean utzitakoarekiko lotura ere".
Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera: haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak... Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean.
Saioaren bukaeran idazleak liburuak sinatuko dituela jakinarazi dute. Solasaldia bihar, hilak 29, izango da, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Sarrerak eskura daitezke oraindik.
