Kirmen Uribe bere azken liburuaz arituko da Donostian

'Izurdeen aurreko bizitza' eleberriaz solas egingo du gaur iluntzean eta streaming bidez jarraitu ahalko da saioa.

Mari Jose Olaziregik Kirmen Uribe idazlea elkarrizketatuko du Durangoko Azoka garaian kaleratuko duen Izurdeen aurreko bizitza eleberriaren inguruan. Literaktum jaialdiaren barruko saioa izango da, gaur iluntzeko 19:00etan, Donostia Kulturak online eskaintzen dituen emanaldien baitan. Saioa streaming bidez eskainiko da eta galderak idatziz egiteko aukera egongo da. 

Eleberriaren izenburuaren nondik norakoa honela azaldu dute: "Euskal kondaira zahar baten arabera, izurdeak, garai batean, pertsonak izan ziren. Izurde bilakatu ziren laminen maitale izatearren. Behin urrats hori emanda, ez zegoen atzera egiterik. Migrariari ere goitik behera aldatzen zaio bizitza herrialdez aldatzen duenean. Aldatzen zaio bizitza, eta baita ere, iraganarekin duen harremana". 

Izurdeen aurreko bizitza eleberriak hiru hari narratibo ditu. Lehena, Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) berak New Yorkeko liburutegian egindako ikerketa Rosika Schwimmer sufragistari buruz. Bigarrena, idazlearen eta haren familiaren bizitza New Yorken 2018tik hona (Trump-en agintaldiaren bukaera zalapartatsuaren eta pandemiaren testuinguruan). Eta hirugarrena, idazlearen haurtzaroa 80ko hamarkadan emakume iraultzaileen familia batean. "Fikzioaren eta ez fikzioaren mugetan mugitzen den nobela da, generoari berari definizio berri bat eman nahian".