Kiberako errealitateari buruzko argazki erakusketa ikusgai da Zarautzen
Rafael Morradanek Nairobiko Kibera inguruko errealitate gordina islatu nahi izan du. Irudien bidez, bertako herritarrek bizirauteko egiten duten esfortzua, eta beren familiak aurrera ateratzeko gauzatutako lana agerian utzi nahi izan du argazkilariak. Zarauzko Photomuseumean izango da erakusketa ikusgai martxoaren 4ra bitartean.
Kibera Nairobiko errebal handiena da. Desegiten ari den zabor pilaren gainean dago bizitokia, hau da, zabor organiko, kristal, lata eta aparailu elektronikoen hondakinen gainean; zenbaitetan, su hartzen dute, eta bertan bizi direnek beren txaboletatik alde egin behar izaten dute.
Usaina jasanezina da, ez dago garbitasunik ezta ur edangarririk ere. Komuneko ur zikinak edonon aurki daitezke, eta gaixotasunak eta infekzioak eragiten dituzte. Horregatik, haurren hilkortasun maila oso altua da. Gainera, sexu erasoak eta delikuentzia handia daude, eta bertako herritarrentzat inoiz baino zailagoa da egoera horretatik irtetea.
Egoeraren larritasuna ikusirik, Gonzalo Ocampos, Rafa Marrodan eta Alfredo Messeguer argazkilariek Kenyara egin zuten bidaia. Marrodanek bertako gida batekin egin zuen harremana, eta lotura horren bidez gauzatu du argazki erakusketa, haiei laguntzeko asmoz.
Egindako lana liburu batean argitaratzeko asmoa dute. Emakumeen lana azpimarratu nahi dute, eta haiei laguntzeko gaitasuna duen jendearengana iritsi. Liburuaren bidez lortutako irabaziak Kiberan eskola bat eraikitzeko erabiliko dira, bertako haurrei esperantza eman eta ezagutzak lortzen laguntzeko.
Liburua Photomuseumean bertan, edota www.cooperphotographers.com webgunean eros daiteke.