Kerobia: Nortasuna eta gaztetasuna
Talde gaztea dugu Kerobia, duela hiru urte sortu baitzen Iruñean. Suhar taldean aritutako Xabi Fernandez gitarra jotzaile eta abeslaria, Mikel Zorrilla bateria jotzailea, German San Martin teklatu jotzailea eta Karlos Ortiz baxu jotzaileak osatzen dute.
Elkartu eta bi urtera, taldea fruituak jasotzen hasi zen. Iaz, arrakasta handia izan zuten Bilbo Hiria musika lehiaketan, eta Euskadi Gaztea-ren maketa lehiaketa irabazi zuten. Gor diskoetxeak fitxatu zituen, ondoren, eta estreinako lana karrikaratu berri dute: "Kerobia".
Hamar pop rock kanta bildu dituzte diskoan, eta bertan melodia atseginak eta harmonia dira nagusi. Haien musika entzunez gero, zenbait talde etortzen zaizkigu burura: Him, Muse, Smith
German eta Xabi konposizioen sortzaileak dira, eta hitzak azken horren esku daude. "Zentzu poetikoa dute: niretzat hitzak egitea terapia hutsa da", erran digu Xabik.
Pop rock melodikoa
Talde gaztea diren arren, haien erritmoak landuak dira. Nortasuna dario pop rock melodikoko laukote honi, eta horren adierazle da "Itsasoa" eta "Zenbait gela betetzeko " kantetan sartutako soka laukotea: bibolinak, biola eta txeloa. Bestalde, kolaboratzaileen artean izen ezagunak daude: Gorka Armendariz (Leihotikan) eta Gorka Urbizu (Berri Txarrak), besteak beste. Xabiren anaia bikiak Antsok, gainera, abestu egiten du kanta batzuetan.
Diskoa Iruñeko K estudioetan grabatu dute, Alberto Porres eta Marino Goñirekin. Masterizazioa, bestalde, Lorentzo Records estudioan egin dute, Aitor Ariñorekin."Oso pozik gelditu gara emaitzarekin. Marinok abestiak amesteko esan zigun. Gero, berak lan polita egin du", erran du Xabik.
Badakite, taldea ezagutarazteko, sustapena funtsezkoa dela, eta horregatik webgune propioa abiatu dute interneten: www.kerobia.com. Gunean, taldearen historia, albisteak eta argazkiak aurkituko dituzu, besteak beste.