Kepa Garrazaren fikziozko argazki bilduma ikusgai da Bilbon
Berangoko artistak bere izen berbera daraman pertsonaia sortu du: Kepa Garraza. Haren bizitzako irudiak osatu ditu, hau da, argazkiak diruditen margolanak, eta 70. hamarkadaz geroztik munduko artearen eta kulturaren esparruko pertsonaia ospetsuekin ageri da horietan. Itxurazko argazki sorta Bilbon izango da ikusgai 2013ko urtarrila bitarte.
2010 eta 2011 bitartean egindako margolanak ageri dira Kepa Garraza izeneko erakusketan. Argazkiak dirudite, bizitza erreal baten istant laburrak biltzen dituzten fotogramak, errealak denak. Ezin urrunago egon errealitatetik.
Izan ere, Kepa Garraza Berangoko semea ez da David Rockefeller, Debbie Harry,
Iggy Pop, Mick Jagger, Andy Warhol edota Ronald Reaganekin sekula izan. Ez du haiekin bizitzako une bakar bat ere konpartitu, eta are gutxiago, azken hamarkadetako artearen eta kulturaren munduko festa eta agerraldiak.
Baina erakusketa honen bidez, bere alter egoa erakutsi du, zuri-beltzezko edo koloretako irudietan pertsonaia ospetsuekin barreak, lanak, maitasun loturak konpartituz. Eta Artforum edota Interview aldizkarietako azaletan ere irudikatu du bere burua.
Urtarrila bitarte
Azaroaren 23an zabaldu zuten erakusketa Bilboko Windsor galerian, eta bertan izango da 2013ko urtarrila bitarte.
Artearen munduak duen gezurrezko izaera agerian uzten du, eta hedabideen irudia, artisten egoak, glamour-a eta neurriz kanpoko salmentak, besteak beste, kolokan jartzen ditu. Galdu ezinezkoa, dudarik gabe!