K+E = Kemena eta ekimena

Karrera Amaierako Sariak eman dizkie Kutxak 42 ikasleri.


Euskal Herriko Unibertsitateko 21 neska mutil,  Mondragon Unibertsitateko 11, eta Deusto eta Nafarroako Unibertsitateko bosna saritu dituzte.

Nork bere bidea egin beharko du aurrerantzean. Batzuek ikasten jarraituko dute, beste batzuk lan munduan sartuko dira laster batean, edo behintzat saiakera egingo dute. Eta izango da  Pedro Miguel Etxenikeren aholkuari jarraiki Euskal Herritik kanpora joango denik, orain arte ikasitakoa zabaltzeko asmoz. Sariak jasotzeko ekitaldian Izabako zientzialaria mintzatu zitzaien neska-mutilei. Cicerone aparta, benetan. Ibilbide emankorretik eta eskarmentutik  abiatuta, Etxenikek hainbat gomendio bota zituen. “Ez duzue erraza izango aurrera egitea. Ziurrenik, nire garaian baino zailagoa izango zaizue.  Hala ere, prestakuntza eduki baduzue, eta baita gaitasuna ere”.

Etengabeko aldaketa. Hori da Etxenikeren ustez gure aroaren bereizgarria. Hori horrela, ikasteari ez zaiola inoiz utzi behar aldarrikatu zuen, eta zenbait hitz  gako aitatu, talde lana eta espezializazioa, kasu. “Garrantzitsuena ez da orain arte ikasitakoa, orain datorrena baizik. Talde lanean aritzen jakin behar duzue. Kide bakoitzak arlo jakin batean sakondu behar du, baina gai izan behar du taldekideekin elkar ulertzeko”.

Giltzarrien zerrendarekin jarraitu zuen. Esate baterako, denboraz  mintzatu zen:. “Denbora erabiltzen ikasi behar duzue, haren falta sumatzen baita gehien ezagutzaren gizartean”. Eta euskaraz: “Hizkuntza xaboiaren kontrakoa da; zenbat eta gehiago erabili orduan eta handiagoa izaten da”… Argia edo azkarra izatea bigarren mailan utzi zuen Pedro Miguel Etxenikek hitzaldiaren hondarrean: “Argia izatea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da kemena eta ekimena izatea”. Zahar hitz zuhur hitz.

Turismoak kateatuta



Hotel edo ostatu batean, edota informazio bulego batean lan egin ahal izateko ikasi du  Turismoa Maite Telletxeak Deuston. Eta Finlandian. "Esperientzia ezin hobea"  izan zuen iaz 21 urteko beratarrak bertan. "Agitz kontent" jaso du saria Telletxeak. Karrera bukatu berri du, bai, baina liburuak, apunteak, lanak eta azterketak ez ditu oraindik zeharo baztertu. Turismoan are gehiago sakondu nahi du. Ikastea atsegin du, baina tamainan. "Ikasgai batzuk, bai, gustatzen zaizkit, baina bertze batzuk ez horrenbeste". Horrekin batera, lan munduarekin lehen hartueman "serioa" izaten ari da. Bertizko turismo bulegoan ari da. Bertara doanari informazioa emateaz gain, administrazio lana ere egiten ari da. 

Ingeniaritzaren hurrengo koskaren bila



Ibai Sarasola ibarratarrak Telekomunikazioetan, ingenieritza teknikoa bukatu du berriki, Mondragon Unibertsitatean, Arrasaten. Sariarekin pozik bai, baina ustekabean harrapatu duela aitortu du. "Ikastea gustatu, gustatu… egin behar denez, bada ahalegindu behar zara ahalik eta ondoen egiten". Hurrengo urratsa? Goi Mailako Ingenieritza du begiz jota. Kanpora bolada batean joateari ez lioke muzin egingo.  Eta etorkizuna,  argi edo ilun? "Agian, Etxenikek esan duen bezala, gure garaikook zailagoa dugu, baina dagoena dago".