Kayak bidaia bat opari zaborra biltzearen truke

GreenKayak Gobernuz Kanpoko Erakundeak turistak inplikatu nahi ditu Europako hainbat herrialdetako ibaiak garbitzen lagundu dezaten.

Aurreko astean turismo mota ezberdinen inguruko artikulua argitaratu genuen, tartean, turismo ekologikoa. Bada aukera horrek zure interesa piztu bazuen, adi jarraian kontatuko dizugunari; Europako hainbat hirietan, turistak inplikatu nahi dituzte ibaien garbiketan, eta horretarako, Greenkayak GKEa jarri dute martxan. Hala, udan Hanburgo, Dublin, Bergen edota Kopenhage bisitatzeko asmoz bazabiltza, bertako ekosistemari laguntzeko aukera izango duzu. 

Nola? Oso erraza da; Greenkayak proiektuari esker, hiri horietako ibaiak kayak bidez zeharkatu ditzakezu erabat doan; trukean, kubo bat emango dizute, ibaian topatu ditzakezun plastikoak bertan sartu ditzazun. Erraza, merkea eta oso eraginkorra!

Hain zuzen, aurreko astean egin zuten mundu osoan plastikorik gabeko astea; proiektu honen antolatzaileek ez dute ekimena soilik astebetekoa izatea nahi, eta bide honekin, herrialdetan turismo jasangarria eta urak plastikoz garbitzeko bolondres lan eraginkorra uztartuko dituzte. 

GKEaren sortzaileek espero dute aurki Europako beste herrialdeek ere bat egitea beren ekimenarekin, sekulako lana egin baitute dagoeneko martxan dauden hiriburuetan. Jarraian, datu batzuk; azken bi urteetan, Kopenhage eta Aaruseko portuetan 10.000 kilo zabor jaso dituzte.