Katuka Elkartea: “Sentitzen laguntzen dute zaldiek".

Animaliak izugarri terapeutikoak direla badaki maskotaren bat etxean duen edonork. Katuka Elkartekoengatik ikasi dugu etxeko animaliez gain, zaldiek ere sekulako onurak eragin ditzakeela gugan. Dirudienez gure emozioak ordenatzen laguntzen digute, soluziorako bidea erraztuz. Katuka Elkartekoek urteak daramatzate onura hauek nahi duen orori eskaintzen zaldiekin egiten dituzten terapien bidez.

Zer eskaintzen du katuka elkarteak?
Katuka Elkarteak zaldiek lagundutako jarduerak eskaintzen ditu eta baita hezkuntza eta terapia ere, naturan barneraturik. Hezkuntza emozionaleko tailerrak eta kurtsoak eskaintzen ditugu haur, nerabe zein helduei. Jarduerak bakarkakoak edo taldekoak izan daitezke. Modu puntual batean eskaini ditzakegu egoeraren arabera edota zenbaitetan jarraipen bat egon daiteke denboran zehar.

Coaching, Gestalt terapia eta konstelazioak ere eskaintzen ditugu, beti ere zaldiek lagunduta. Prestakuntza kurtsoak ere antolatzen ditugu zaldien mundua ezagutu nahi duen edonorentzat, ulertzeko nola lagundu diezaioketen pertsonei beren bizitzak hobetzen. Horretaz gain, zaldientzat ostatua ere eskaintzen dugu samaldan egon daitezen askatasunean.

Zertan datza zaldiekin egiten den terapiak?
Zaldiekin lagundutako terapiak hemen eta orain bizitzen laguntzen du, zaldiekin interakzioan zerbait benetakoa esperimentatuz eta beharrezkoak ez diren pentsamenduak abandonatuz. Sentitzen laguntzen dute zaldiek.

Animaliekin eta naturarekin harremanetan egotea, bere horretan jada bada terapeutikoa. Hainbat ikerketek baieztatu dute zaldia dela planetako animalia guztietatik, pertsonengan efektu lasaigarri handiena duena eta horregatik dira horren onuragarriak eurekin egiten diren terapiak.

Gizakiaren ezbeharrik handiena momentuan sentitzen ari denaz ohartzeko gaitasuna galtzea izan da, gure benetako beharrak zein diren ohartzeko gaitasuna preseski. Integraziorako lehen etapa pertsona bakoitza bere buruarekin harremanetan jartzean da, sentitzen eta nahi duenaz kontziente eginez. Horretan lagundu dezakete zaldiek.

Metodoari dagokionez, naturaz inguraturik burutzen dira jarduera guztiak, honek izugarri laguntzen baitu emozio horiekin konektatzen, orainaldia besarkatuz inongo interferentziarik gabe. Zaldiek lagundutako Gestalt terapietan komunikazio prozesu bat jartzen da martxan eta zenbait komunikazio bide berri irekitzen dira. Honengatik erraz ahazten dira eguneroko errutina eta kezkak, inguruari eta orainaldiari arreta berezia jarriz. Pertsona zaldiaren erreakzioei adi dago eta erreakzio horiei erantzuteko ez zaizkio baliagarriak egunero erabiltzen dituen modu eta pautak. Honek erakusten digu badagoela bizitza beste modu batera ikusi, egin, sentitu eta ulertzeko modu bat eta guk aldaketa hori lortu dezakegula.

Terapia mota ezberdinak al daude?
Guk egiten dugunaz hitz egiten dezaket. Ez dakit zenbat terapia existitzen diren, baina dakizunean konta iezaguzu -barreak-. Zaldiekin coaching-ak ez dira terapia, helburuak lortzeko metodo bat baizik. Coaching saioek ekintzara garamatzate eta gure helburuen bilaketa horretan ditugun aukeren azterketa bat egiten dugu, ondoren eman beharreko lehen pausuarekin konprometitzeko. Dena den, saio hauek efektu terapeutikoa ere badute dakarren barnerakoitasunagatik. Bilaketa horretan norberaren egitekoa da bertan egindakoarekin konprometitzea. Hori dudarik gabe terapeutikoa da.

Zaldiekin burutzen diren konstelazio sistemikoetan konpondu nahi den egoeraren inguruko jatorria edo zergatiari buruzko informazioa eskaintzen da, izan lanean, familian edo ingurukoekin ditugun harremanetan. Horrez gain, egoera horretatik mugitzeko aukera eskaintzen zaigu, beste ikuspegi berri bat eskainiz. Zaldiek “konstelatu” nahi ditugun pertsonen ordezkari lanak egiten dituzten eta euren mugimenduekin egoeraren informazioa ematen digute kanpotik behatzen dugun argazki bat bailiran. Argitasuna dakarkigute. Arazoaren jatorria ezagutzeak ikuspegi berriak irekitzen dizkigu eta irtenbidera hurbiltzen gaitu.

Zaldiekin egiten den Gestalt-Coaching terapia berriz, bien arteko fusio moduko bat da gestalt terapiak eskaintzen duen lan egiteko modu sakona eta coaching-aren egitura uztartuz.

Nola funtzionatzen dute terapia horiek?
Pertsonak zaldiarekin erlazionatzen direnean guk lagundu egiten diegu kontziente izan daitezen bere barnean gertatzen ari diren aldaketez. Beraz, bere pentsamendu eta fantasiak albo batera uzten laguntzen diegu, sentimendu eta sentsazioei lekua utziz.

Pertsonaren jarrera berehala hautematen du zaldiak, estresa, beldurrak, urduritasunak pertsonarengandik zaldira doaz eta horregatik ezinbestekoa da pertsonak bere emozioen kontzientzia hartu eta hauek kudeatzen jakitea animaliarekin lotura bat lortu ahal izateko.

Gure sentimenduak argiki adierazten ditugu gorputzaren bidez eta zaldiek berehala hautematen dituzte, izan beste zaldi batzuk edo pertsonak. Urduri edo oldarkor jartzen bagara zaldiek arriskua dagoela sentituko dute eta gu ekiditen saiatuko dira. Ziurtasunez azaltzen garenean berriz, zaldiek gurekin egon nahiko dute. Beraz, zaldiak autojakintzarako tresna bikaina dira, inguruko informazioa prozesatzeko modu ezberdina duen izaki batekin erlazionatzen ari baikara.

Horrela, Gestalt saioei zaldiak gehitzen dizkiogunean pertsonak inguruaren babesa galtzen du, ezagutzen dugun horrek ematen digun lasaitasuna hain justu, eta bere buruaren babesa besterik ez du izango zaldiarekin biziko dituen dinamikei erantzuteko, bere ohiko rol sozialetatik atereaz. Kasu honetan giro zehatz hau ezin da manipulatu eta zaldiarekin komunikatzeko pertsonak bere gorputz hizkuntza guztia erabili beharko du. Zaldiak benetakotasuna dagoenean bakarrik ulertuko dio gizakiari, horrek dakarren guztiarekin. Giro honetan pertsonak ezingo ditu beldurra bezalako emozio desatseginak ezkutatu eta berehala ikusiko da animaliaren erreakzioetan islatuta. Saioetan gutaz deskubritzen dugu guztia ondoren gure bizitzetan aplikatu ahal izango da. Ondoren guk besterik gabe pertsonari eguneroko bizitzarekin paralelismo bat sortzen lagunduko diogu.

Zer onura dakartzate?
Gestalt terapiak gure gaitasunak zein diren erakusten dizkigu. Gure garapenerako dugun potentziala zein den irakatsiz eta hazteko aukerak sortuz. Gure nortasunaren zati galduak errekuperatzen laguntzen digu. Hau animaliarekin aplikatuz, gaitasun horiek eskuratzeko erraztasunak eskaintzen ditu, ondoren gure eguneroko bizitzan aplikatu ditzagun.

Zaldiekin burutzen diren elkarrekintzek gure sen aratzenekin kontaktuan jartzen gaituzte eta amaitzean modu naturalagoan onartzen dugu gure burua, naturaren zati garenaren kontzientzia garatuz.

Zeini zuzenduak daude terapia hauek?
Gure kasuan terapiak beren bizitza aldatzeko bilaketan dabiltzan helduei zuzenduta daude batez ere. Oraingoz ez dugu nerabe edo haurrekin terapia burutzeko eskakizunik jaso, nahiz eta lan egin dugun beraiekin taldekako saioetan.

Zergatik zaldiak eta ez beste animaliaren bat?
Lehen arrazoia animalia hauekiko sentitzen dugun pasioa da. Ez dute epaitzen, zintzoak dira eta maitasun izugarria ematen dute. Zientifikoago jarriz, ikerketa ugarik adierazi dute pertsonekin erlazionatzeko animaliarik onenetakoak direla duten efektu lasaigarriagatik.

Zaldiak euren ingurunea hautematen dabiltza momentu oro, beren biziraupena horretan datza. Horregatik zaldiak ispilu lanak egiten ditu eta beraz, gu lasai ez bagaude zaldia ere ez da egongo. Pertzepziorako gaitasun honek bihurtzen ditu horren eraginkor terapietan, gure benetako egoera emozionala zein den jakin baitezakegu beraien bidez.

Gizakiok gure burua engainatzeko gaitasun handia dugu eta askotan ahazten zaigun zein garen ere. Zaldiak hautematen duena erakutsiko du. Zaldiak gure gorputzeko hizkuntza irakurriko du eta horren arabera komunikatuko da. Beraz, lasaitasuna helarazi nahiko bagenu ere, urduri baldin bagaude zaldiak berehala atzemango du itxurakerien gainetik gure benetako emozioa. Inkongruentzia emozional hauek ez zaizkie gustatzen, ez baitira seguru sentitzen.

Zenbat zaldi dituzue?
Gure samalda bost behor eta zaldi batekin osatzen da. Nahiz eta askotan zaldi gehiago egoten diren atseden hartzera datozelako denboraldi batez. Dirudienez geroz eta pertsona gehiagok dituzte zaldiak eta kontziente dira zeinen garrantzitsua den zaldi batentzat beste zaldiekin batera bazkatu, ibili eta jatea.

Zaldiak modu berezi batean entrenatu behar al dira terapia hauetarako?
Entrenamenduek oinarri berdina izan behar lukete zaldiaren lana edozein delarik ere. Hau da, bere izaera errespetatu behar da eta baita bere ikasketa prozesuak ere. Zaldiek euren erritmoa dute eta beren denborak eta pertsononak ez dira berdinak, eurak ez dira gu bezala korrika eta presaka bizi.

Egia da entrenamenduetan asko azpimarratzen dugula zaldia errespetatzearen ideia; berarentzat desatseginak diren egoerak ekidinez, bestela ez baitu animaliak gurekin kolaboratuko.

Entrenamenduak bada sinpleak dira, besterik gabe pertsona askorekin egotera ohitzen ditugu eta hauen ondoan ibiltzen irakasten diegu. Bestalde, euren egunerokoan ohikoak ez diren objektuekin ez izutzen irakasten diegu, adibidez ez daitezen izutu aterki bat edo plastikozko poltsa bat haizearekin mugitzen ikustean.

Aipatu naturaren erdian egiten dugula guzti hau, eurentzat errazagoa izango baita beraiengandik zer nahi dugun jakitea naturaz inguraturik baldin badaude. Gainera zaldientzat atseginagoa izango da, zeren aspertuta dagoen zaldiak guk irakatsi nahi ez dizkiogun gauzak ikasiko baititu eta ez du kolaboratu nahiko.

Nondik sortu zitzaizuen elkartea sortzeko ideia?
Elkarte bat sortzearen ideia zaldiekin lan egitearen desiratik sortu zen, baina bat beharrizan ekonomiko batetik ere. Egun dagoen egoera sozioekonomikoarekin konplexua da, askotan ezinezkoa, gure lana, familia eta hezkuntza uztartzea. Horregatik elkartu ginen lagun talde bat eta erabaki genuen abetura honi ekitea.

Etorkizunera begira proiektu berririk bai esku artean?
Proiektuz gainezka gabiltza. Aurten emakumeekin proiektu bat hasi berri dugu. Momentuz instituzioei eskaintzen ari gara, baina aurrerago proiektu irekiagoa izango da. Familientzako jarduera zehatzak ere eskaintzen hasiko gara. Gogo asko dugu, askotan eskatu izan diguten zerbait izan da beraz, gure beldurrak alde batera utzi eta abentura honetan sartuko gara. Etorkizun urrunago batera begira zaldiekin lan egiteko pista mugatuagoak sortu nahi ditugu. Halere, oro har, orain bezala segitzea da helburua, tailerrak eta prestakuntza kurtsoak eskaintzen.