Katuek elkar miazkatzea ez da beti haien arteko lotura sendotzeko modua izaten
Ikerketa baten arabera, miazkatzea lotura sendotzeko izan daiteke, baina baita presioa egiteko modua ere.
Sarritan ikusi izan ditugu katuak elkar miazkatzen, eta irudi samurra iruditu ohi zaigu, elkar garbitzen eta haien arteko lotura emozionala indartzen ari direlakoan. Ikerketa batek argitu duenez, ordea, ez da beti arrazoi horregatik izaten.
Izan ere, kasu batzuetan, katu bat beste bati burua edo lepoa miazkatzen ari zaio, baina giroa oso bestelakoa izan daiteke, jarraian hozkada edo esku-kolpea izaten delako edo katuetako batek alde egiten duelako. Keinu bera asmo ezberdinez erabil dezakete, eta hori dela eta, testuingurua aztertzea beharrezkoa izaten da.
Bere katuen jokabidea ikusita, Morgane J.R. Van Belle ikertzailea konturatu zen miazkatzea ez zela beti jarrera amultsu baten seinale. Leiho ondoan atseden hartzen ari zen katua miazkatzen zuen etengabe beste katuak. Handik gutxira, hozka egiten zion ordea, eta katuak bere lekua uzten zion leiho ondoan. Orduan, hauxe galdetu zion bere buruari: "Eta katuek ez badute beti elkar miazkatzen adiskidetasunagatik?".
Hala, ikerketa jarri zuen martxan Ganteko unibertsitateko talde batekin eta beste zenbait erakunde europarrekin batera. Katuen jokabidea aztertu zuten egunerokoan, haien etxeetan. Bi katu zituztenei eguneroko elkarbizitzako irudiak grabatzeko eskatu zieten. 53 etxetako irudiak bildu zituzten, eta horri esker, 106 katu helduren jokaera aztertu ahal izan zuten. Hainbat alderdiri erreparatu zioten: zenbat aldiz miazkatzen zuen batak bestea, zer gertatzen zen aurretik eta ondoren, bi animalien gorputzaren jarrera, belarrien posizioa, isatsaren mugimenduak eta estresarekin lotutako keinuak.
Ikerketaren bidez ondorioztatu zutenez, miazkatzea bi testuinguru ezberdinetan agertzen zen. Batean, orain arte uste izan den gisan, katuek kontaktu fisikoa zuten helburu, elkarren ondoan etzaten ziren eta jarrera fisiko antzekoak zituzten. Miazkatzeaz gain, elkarrekin jolasten ziren edo elkarren ondoan atseden hartu. Kasu horretan, itxura zenez, bien arteko lotura indartzeko balio zuen jokabide horrek.
Beste kasu batzuetan, ordea, etzanda edo eserita zegoen katua miazkatzen ari zena zutik egoten zen, jarrera asimetrikoan. Eta ondoren, seinaleak bestelakoak izaten ziren. Ikertzaileek hainbat elementu ikusi zituzten: belarriak atzeraka mugitzea, ezpainak miazkatzea, burua astintzea, belarri atzeko harramazkak, hozkadak eta baita hankekin emandako kolpeak ere. Jokabide horiek tentsio edo gatazkaren adierazle dira ikertzaileen ustetan.
Hala eta guztiz ere, horren ondoren ez zen beti borroka ematen. Miazkadak jasotzen ari zen katua altxa egiten zen eta toki horretatik alde egiten zuen. Beraz, miazkada presioa egiteko modua zen, eraso nabarmenik egin beharrik gabe. Erasoek zauriak edo estres egoerak eragin ditzakete eta baita harremana hondatu ere. Hori dela eta, hainbat espeziek gatazkak konpontzeko bestelako moduak dituzte, eta badirudi miazkatzea dela modu edo seinale horietako bat.
Hala, atzaparka aritu beharrean, katua gerturatu, lepoa edo burua miazkatzen hasi, eta egoera deserosoa sortzen du, besteak alde egin dezan. Nahi dutena lortzeko jokaera sutil hori erabiltzen dute.
Hortaz, katu bat beste bat miazkatzen ari denean zer asmo duen jakin nahi badugu, testuingurua aztertu beharko dugu: bi animaliak erlaxatuta dauden ala ez, antzeko jarrerak ote dituzten, bat tente eta bestea deseroso al dagoen, belarriak atzeraka ote dituen, hozkadarik edo eskukadarik baden eta katuetako batek alde egiten duen. Haien jarrerak eta jokabideak emango digu egoeraren berri.