Kattalin Ansorena: "Sexuan, bizitzan bezala, jolastu behar da"

Bihurrikeriatan ibiltzen da Kattalin Ansorena, Mirri juniorren larruan. Donostiarra. 23 urte. Erasoa jotzeko orduan lotsak harrapatuta egonez gero, pailazoarena egitea aholkatu du.


Haurren irribarrea erraz lortzen duzu. Bikotekidearenarekin beste horrenbeste gertatzen al zaizu?
Bai, bai. Hori ere ez zait batere kostatzen.

Pailazoarena egiteko lotsa alde batera utzi behar da. Ligatzeko ere bai?

Uff! Ligatzeko orduan lotsak etortzen zaizkigu. Pailazoarena egitea baliabide ona izan daiteke.

Zer da gogorragoa, emanaldi batean haurrek jaramonik ez egitea ala kalabazak jasotzea?

Emanaldi batean haurrek kasurik ez egitea. Kalabazak ematen dizkizuna ziurrenik ez da zure bizitzako amodioa izango, beraz...

Haur bat hurbildu zaizu emanaldi bat eta gero, eta bere maitasun platonikoa zarela esan dizu. Zer esan?

Mirri Junior maitasun platonikoa izan daitekeela, baina noski, bizitza errealerako beste bat bilatu beharko lukeela esango nioke.

Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior hirukote bihurria zarete. Maindire artean ere bihurria al zara?

Bai, dudarik gabe. Sexua, bizitza bera bezala, serioa da, baina jolastu beharra dago.

Haurrek nekez pasatzen dute gaizki pailazoekin. Sexuan ba al dago gaizki pasatzerik?

Ezetz esango nuke, baina esate baterako aitak bat batean atea irekitzen badu...

Hamaika plazatan zabiltzate haurrak irri eginarazten. Sexuan ere hamaika tokitan aritutakoa al zara?

Batzuetan erosotasuna bilatzen dut; goxo-goxo nagoenean adibidez. Baina morboa ere hor dago, abentura bila zabiltzanerako.

Eta ligatzeko, zein da plazarik onena?

Zaila dago asuntoa! Edo gauez ateratzen zara, edo bestela inguruko edo liburutegian ezagututako norbaitek izan behar du.