Katapulta Tour Gipuzkoa programan parte hartzeko hamar artista aukeratu dituzte
Kontzertu eta emanaldiak eskainiko dituzte, eta prestakuntza eta entseguetarako lekuak ere izango dituzte.
Katapulta Tour Gipuzkoa programaren VIII. edizioak musikaren eta arte eszenikoen esparruko Gipuzkoako talentua, bereziki gazteena, balioan jarri, sustatu, eta lurraldeko eszena dinamizatzea du helburu. Edizio honetan 65 jarduera egingo dira Gipuzkoako hainbat espazio eta jaialditan.
Zortzigarren edizio honetan ere badira berrikuntzak, zirkuitua programa bihurtu baita. Hori dela eta, ohiko kontzertuez gain, prestakuntzako programa bat egongo da eta hautatutako proposamenen egileek entseatzeko espazioak izango dituzte.
Hamar artistak edo taldek parte hartuko dute edizio honetan. Horietatik zortzi musikaren alorrekoak izango dira: Amaterra, Bamms, Ithaka, Muzak, Nakar, Olana Liss, Ramada Inn eta Siglas. Gainerako biak, Barrexerka eta Iago Magoa, arte eszenikoetakoak dira.
Hautatutako artistek lau emanaldi egiteko aukera izango dute, Gipuzkoako hainbat espaziotan, eta emanaldi bakoitzeko 400 euro jasoko dituzte. Horretaz gain, promozio-bideoa grabatu ahal izango dute eta euren lana zabaltzeko erabiliko da.
