Kapsula batean lo egiteko gai?

25-35 euro bitarte 1,80 metro luze eta 1,20 metro zabaleko gelan lo egiteagatik. Ongi etorri Euskal Herriko lehen kapsula hotelera!

Sistema japoniarrean inspiratutako lehen kapsula hotela iritsi da Euskal Herrira, zehazki, Bilboko Areilza Doktorearen kalera, erdigunean. Optimirooms izena du, eta bi egun barru irekiko dituzte ateak. Kapsuletako batean lo egiteak 25-35 euroko kostea izango du, gela indibiduala edo bikoitza aukeratuta. Guztira 50 kapsula izango dira, 36 banakako eta 14 bikoitz.

Iritzi kontrajarriak sortu ditu hotel berri honek, baina arduradunek argi utzi dute Bilbokoa ez dela Japoniako kapsula hotelen diseinu berekoa. Hala, Optimirooms hauetako kapsulak handiagoak dira (japoniarrak 90 zentimetroko koltxoiak dituzte, eta bilbokoak berriz 120 zentimetrokoak), eta horma-hobien moduan diseinatu ordez, literen antzekoak dira, klaustrofobia sentsazioa gutxituz. Hori bai, ez dute leihorik.

Hotel honen arduradunek azaldu dutenez, literadun hostatu baten moduan funtzionatzeko helburua dute, baina luxu gehiagorekin; hala, kapsula bakoitzak honako ezaugarriak izango ditu: koltxoi biskoelastikoa, USB konexioak, entzungailuentzat sarrerak, kutxa gogorra eta gainontzeko bezeroen soinuetatik libratuko gaituen atea. Aldiz, ez dute gosaririk edota bazkaririk eskaintzen, eta debekatuta dago geletan jatea. 


Japoniar kapsulak baino handiagoak dira bilbotarrak.