Kaotiko: Adrenalinaz gainezka itzuli gara
Aguraingo punk harrobiak bizi-bizirik jarraitzen du. Horren adibiderik onena Kaotiko taldea eta bere bosgarren diskoa da, Adrenalina. Aguraingo mutilek hamahiru zartako azkar bildu dituzte, eta berriz ere, argi utzi dute abilak direla gitarrak indarrez astintzen eta eztarrietatik lelo eta koro itsaskorrak ateratzen. Zalantzarik gabe, aurtengo festetan gehien entzungo diren izenetako bi dira: Kaotiko eta Adrenalina.
Kaotikoren bosgarren diskoa da Adrenalina. Azken urteotan kilometro asko egin dituzue errepidean. Zer moduz zabiltzate adrenalina aldetik?
Ia zortzi urte daramatzagu batetik bestera, eta disko hau grabatzen hasi ginen arte, inoiz ez genuen geldialdirik egin. Gazte sentitzen jarraitzen dugu, baina kristo guztiarentzat bezala, guretzat ere denbora aurrera doa. Egia esan, hiru urte eman ditugu isil samar, eta indarbeteta eta adrenalinaz gainezka itzuli gara.
Disko honetako abestiek soinu indartsua dute, eta kantak oso landuta daude. Hau al da Kaotikoren diskorik helduena?
Alde handia dago 2000. urtean grabatu genuen Mundo Kaotiko diskotik Adrenalina honetara. Denborak aurrera egin ahala, eraginek gero eta pisu handiagoa izaten dute talde batean, esperientziek ere asko irakasten dute, eta horrexegatik, taldea aldatu egiten da pixkanaka-pixkanaka. Aurreko lau diskoak bezala, lan hau ere ilusio handiz egina dago, baina, oraingoan, denbora hartu dugu benetan pozik geratu nahi genuelako.
Zer moduz grabazio lanak Haritz Harreguyrekin? Ideia asko eman dizkizue grabazio estudioan?
Haritz crack hutsa da, baina horrez gain, gure lagun ona ere bada. Gainera, oso ondo ezagutzen gaitu, zuzenekoetara gurekin etortzen delako teknikari gisa. Bera izan da ekoizlea, eta egia esan, nabaritu egin da ordu asko pasatu ditugula lokalean diskoa prestatzen. Haritzek oso ideia onak izaten ditu, eta haietako batzuekin aurrera egin dugu. Bestalde, botoi bat edo beste ukitzeko aukera eman digu diskoa nahasten ari ginen garaian.
Banda Basssoti taldeko Luna Rosak kolaborazioa egiten du diskoan. Zer eman dizue?
Kolaborazio hori kasualitate hutsez sortu zen. Estudiora heldu ginenean, Banda Bassotikoak han zeuden, euren disko berria prestatzen. Haiekin hizketan ari ginela, pentsatzen hasi ginen zergatik ez kanta bat egin, zergatik ez egin bi taldeak elkarrekin lotzen dituen abesti estilo hori. Guretzat opari handia izan da Luna Rosa gurekin aritzea, eta grabazioa nola joan zen gogoratzen hasita, iruditzen zait Banda Bassotikoentzat ere oso gauza hunkigarria izan zela.
La Pollako Evaristok ere kantatzen du Oh Caroline abestian. Grabatu aurretik, zenbat aldiz entsegatu zenuten kanta hori Evaristo jaunarekin?
Evaristok ez du entsegatu beharrik: nahikoa du abestia entzutea eta estudiora iristea, eta di-da batean bere zigilua utziko dizu. Abesti hori lokalean entsegatzen hasi ginenean, Evaristok nolabait ere hor egon behar zuela iruditzen zitzaigun, eta proposamena egin genionean, bera prest azaldu zen, beti bezala. Denok Aguraingoak garenez, oso pozgarria izan da bera gurekin aritzea.
Zer moduz dator uda? Zuen webgunea ikusita, kontzertuz gainezka zabiltzatela ematen du
Udan edo beste edozein garaitan, gu beti ari gara kontzertuak eman eta eman. Kontzerturik ez daukagunean ere, guk bilatzen dugu: beti dago eroren bat, bere etxeko egongelan bertan zarata egin dezazun beso zabalik hartuko zaituena. Baina, egia esan, uda partean asko eskertzen da leku irekietan aritzea.
Harrigarria da zenbat punk talde dauden gaur egun. Ia hogeita hamar urte joan dira norbaitek punk´s dead esaldi ospetsu hura esan zuenetik, eta hala ere, musika estiloak bere burua elikatzen jarraitzen du etengabe
Bai, mugimendu handia dago, eta hala ere, oraindik ere mugimendu handiagoa egon beharko litzateke. Gu talde askorekin gurutzatzen gara, eta haietako askok aspaldi eduki behar zuten diskoa. Kontua da gaur egun ia ezinezkoa dela norbaitek musika talde baten aldeko apustua egitea, ez baditu irabaziak garbi ikusten. Espero dezagun hori aldatzen hastea, bai punkean baita beste estiloetan.