Kantu eta Hitza musika zikloa Iruñan

Mikel Urdangarin, Joseba Irazoki, Maite Larburu eta Peru Galbete arituko dira Iruñan ekainaren 2tik 23ra Erraldoien txokoan. Sarrera doan izango da aurretik gonbidapena hartuta.

Iruñeko Udalak lau kontzertu iragarri ditu ekainean, bat ostegunero ekainaren 2tik 23ra Kantu eta Hitza zikloaren barruan. Formatu txikiko kontzertuak izango dira Erraldoien txokoa deitutakoan. Mikel Urdangarin, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu eta Peru Galbetek Nafarroako hiriburuko arratsaldeak kulturaz beteko dituzte. Kontzertu guztiak 20:00tan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da, aurretik gonbidapenak eskuratuta. 
 
Mikel Urdangarinek emango dio zikloari hasiera ekainaren 2an. Bizkaitarrak bere musika ibilbidearen 25. urteurrena ere ospatuko du, bira berezi bat burutzen ari baita 25 Tour deitutakoa. 

Ekainaren 9an Joseba Irazoki eta Lagunaken txanda izango da. Bere ohiko taldearekin sortzaile polifazetikoak hainbat estilo jorratzen ditu izan folka, rocka edota psikodelia, esperimentaziorako bidea irekiz. 

Ekainaren 16an Maite Larburu hurbilduko da Iruñara bere bigarren diskoko (Krak) abestiak interpretatzera. Sentiberatasunez eta birtuosismoz betetako musika da berea eta ez du inor hotz utziko. 

Peru Galbetek itxiko du zikloa ekainaren 23an. Beiratu deitutako bere laugarren diskoa aurkezten dabil musikari autodidakta hau. Inprobisazioaren zalea izanik hainbat momentu gogoangarri utziko ditu ziur.