Kanaldude telebistak mus emankizun baterako castinga antolatu du

Lehen bi bikoteentzat diru-saria izango da eta bikoteak aukeratutako elkartera bideratuko da.

Ipar Euskal Herriko Kanaldude Telebistak casting deialdia zabaldu du telebista emankizun moldean antolatutako mus txapelketan parte hartzeko. Euskal Herriko zein diasporako mus jokalarien bila dabiltza.

Parte-hartzaileak euskaldunak eta 18 urtetik gorakoak izan behar dira, Euskal Herrian edo diasporan bizi direnak, musean maila ona dutenak eta jolaskidea ere izan behar da.

Txapelketan lehen postua lortzen duen bikoteak 3.000 euro jasoko ditu eta bigarrenak, berriz, 1.500 euro. Herriko elkarte baten kausa babesteko izango litzateke diru-saria.

Interesa dutenek datuak eta bideo-aurkezpena bidali beharko dute info@kanaldude.eus helbidera. Honako hauek zehaztu beharko dira: izen-abizenak, herria eta probintzia. Bideoan bikoteak bere burua aurkeztu beharko du, hautatutako elkartea deskribatu eta zergatik aukeratu den azaldu. Antolatzaileek azaldu dutenez, bikoteen hautaketan genero-parekidetasuna lehenetsiko da.