Kanadako barnetegi katolikoetan hildako haur indigenen inguruko irudiak irabazi du aurtengo World Press Photo saria

Kanadan lurperatutako 215 haur indigenen aurkikuntza islatzen duen Amber Bracken kanadarraren argazkia izan da fotokazetaritza sariaren garailea.

World Press Photo Fundazioak antolatzen du World Press Photo lehiaketa, mundu mailako fotokazetaritzako sari nagusia. Aurten, 130 herrialdetako 4.066 argazkilariren 64.823 lan jaso dituzte. Epaimahaiak Amber Bracken argazkilari kanadarraren lana saritu du edizio honetan, Kanadako Kamloops barnetegian hil ziren haur indigenen inguruko irudiagatik. 

The New York Times egunkariarentzat egindako irudian gurutzeak agertzen dira, eskola horren lurretan topaturiko ehunka hilobiren oroigarri, soineko gorriak zintzilik dituztela. Barnetegiak hemeretzigarren mendean jarri zituzten martxan, hainbat komunitate indigenetako kideak mendebaldeko kulturan, eta batez ere kristau kulturan, asimilatzeko, akulturaziorako alegia. Haurren ileak labur mozten zituzten, izen kristauak jartzen zizkieten, eta uniformea jantzi behar izaten zuten, jantzi tradizionalaren ordez. Gainera, abusu fisikoak jasaten zituzten, eta baita sexu-abusuak ere batzuetan. Auzitegi Goreneko Beverley McLachlin epaile nagusiak erakunde horiek genozidio kulturalerako erabili zituztela baieztatu zuen. 

150.000 haur baino gehiago igaro ziren barnetegietatik eta 1996an itxi zuten azkena. 2009an martxan jarritako Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak ondorioztatu zuenez, gutxienez 4.100 ikasle hil ziren barnetegietan zeudela, tratu txar, arduragabekeria, gaixotasun edo istripuak tarteko. Kamloops barnetegia 1890ean sortu zen eta sistemako handiena bihurtu zen, 1978an itxi zen arte. Iazko maiatzean lurra aztertzen aritu ziren lurrazaletik harago barrentzeko gaitasuna duen radar batekin eta 215 hilobi identifikatu zituzten, ahoz aho transmititutako istorioek zioten bezala. 

Epaimahaiaren iritziz, "Kanadan behingoz mahaigaineratu den historia lotsagarri baten iratzartzea irudikatzen du. Irudi perfektua da, argi arraro bat atzematen duena, eta aldi berean sarkorra eta sinbolikoa dena. Irudi sentikorrak une lasai bat eskaintzen du kolonizazioaren eta esplotazioaren ondare globala kalkulatzeko, eta justizia eskatzen duten lehen nazioen ahotsei oihartzun egiten die. Irudi bakar batek begirada aktiboa behar du, eta gobernuak, gizarte-erakundeak eta gu geu ardura hartzera bultzatzen gaitu".

Amber Bracken kanadarra da irudiaren egilea eta bere lanean arrazaren elkarguneak, ingurumena, kultura eta deskolonizazioa,  historiaren testuinguruan kokatutako harremanak, eta belaunaldien arteko trauma jorratzen ditu, besteak beste.  

Indigenen lurra
Urteko Argazki Istorioaren Saria, berriz, Matthew Abbott australiar fotokazetariarentzat izan da, Basoak suarekin salbatzen irudiarengatik. Australiako iparraldeko Nawarddeken herriak lurra estrategikoki erretzen du ingurumena zaintzeko. "Erreketa hotza" esaten zaio praktika horri, eta sastrakak poliki erretzen dituzte, hilabete lehorretako sute handi suntsigarriak saihesteko. 1,39 milioi hektarea kudeatzen dute horrela.

"Australiako suteak ikusita, arbasoen jakintzari entzunda gure munduak zer itxura izango lukeen pentsarazten dizu. Ez du Nawarddeken herria exotiko bihurtzen, baizik eta bere ezagutzaren balio erabakigarria nabarmentzen du, eta erakusten du kultura eta ingurunea bereiztezinak direla kultura indigenetan. Mundu osoan partekatu beharreko ezagutzak aurkezten ditu mundu mailako krisi klimatikoaren ondorioei aurre egiteko", azaldu du epaimahaiak.

Argazki Egitasmo Luzearen World Press Photo proiektuaren sariak ere badu zerikusia saritutako beste lanetan jorratutako gaiekin. Izan ere, Lalo de Almeidaren Amazonian Dystopia lanak jaso du aitortza, Amazoniaren okupazioa eta suntsipena, eta bertako oihanean eta biztanleengan duen eragina jasotzen dituena. Epaimahaiak adierazi duenez, "gizakiak lurra gehiegikeriaz erabiltzearen ondorioak erakusten ditu, eta errealitate horiek mundu mailan ulergarriak diren klimaren krisiari buruzko narrazioarekin lotzen ditu". 

Formatu irekiko World Press Photo Sariari dagokionez, Ekuadorreko Isadora Romeroren Blood is a seed (Odola hazi bat da) izan da lan irabazlea. Bideo formatuan, eta argazkien eta marrazkien bidez, sortzailearen aitonak eta birramonak indigenen hainbat patata mota nola iraunarazi zituzten kontatzen du, haien haziak gordeta hain zuzen ere. Argazkilariaren aitak egiten du kontaketa, bere oroitzapenetan oinarrituta, eta azken hiru hamarkadetan nekazariek bizi izandako aldaketen inguruko bere usteak azaltzen ditu. 

"Arbasoen ezagutza eta kultura-ondarearen galera, antzinako ezagutzaren eta bizitzeko moduen ezabatze estrategikoarekin lotzen du, agrobioaniztasunaren galera globalaren ondorioei buruzko iruzkin nabarmenekin", esan du epaimahaiak.