Kameleoiaren eguna

Larunbatean izango da Bertso Eguna, Donostiako Kursaalen. 15 bertsolari ariko dira oholtzan, 50 bertsozalerekin batera.


Hori da aurtengo Bertso Egunaren berrikuntza nagusietako bat, hau da, 50 zalek bertsolarien ondoan ikusi ahal izango dutela ikuskizuna, bertatik bertara. Horretarako prest daudenek emaila bidali behar dute sustapena@bertsozale.com eposta helbidera lehenbailehen.

Honako bertsolariak ariko da Bertso Egunean, 18:00etatik aurrera: Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Xebastian Lizaso, Iker Zubeldia, Andoni Egaña, Jon Maia, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza. Seikote gazte batek hezurmamitu du jaialdia: Julio Sotok, Jokin Castañosek, Unai Gaztelumendik, Jone Uriak, Egoitz Aizpuruak eta Alaitz Rekondok. Kameleoia aukeratu dute Bertso Egunaren irudi; animalia horren eta bertsolarien artean antza badagoela irudikatu nahi izan dute. Izan ere, kameleoiak azalaren kolorea moldatzen du egoeraren arabera eta bertsolariak ere bere burua unean unekoari egokitzeko gaitasuna izan behar du. Kursaaleko emanaldirako sarrerak 18 eurotan daude salgai.

Azken urteetan bezala, bestalde, goizean bertso giroa izanen da Parte Zaharrean eta arratsaldeko saioa bukatuta, bertsotan jarraituko dute Kursaal ondoko Ni Neu jatetxean elkartzen direnek.

Euskal Herriko Bertsolazale Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatzen dute Bertso Eguna eta Kutxak babesten du.