Kalera Rock 2013, otsailaren 23an Durangon
Iazko arrakasta ikusirik, aurten bigarren urtez antolatuko dute Kalera Rock musika jaialdia, preso eta iheslariak etxeratzeko asmoz sorturikoa. Durangoko Landako Gunean izango da, otsailaren 23an, eta hamabi taldek osatzen dute bigarren edizio honetako kartela. Sarrerak eskuratu nahi izanez gero, adi ibili, agortzen ari dira eta!
Goizeko 11:30ean zabalduko dituzte Landako Guneko ateak datorren otsailaren 23an, eta egun osoz euskal musikarik onena izango da entzungai Kalera Rock jaialdiaren bigarren edizioan. Betagarri, Arkada Social, Kop, Iheskide, Hesian, Kaotiko, Gozategi, Gatibu, Vendetta eta Governors igoko dira taula gainera eta, karpan ere DJ Bull eta Bad Sound Systemek jarriko dute musika.
Sarrerak hainbat herri eta hiritan jarri zituzten salgai, baina zein azkar saldu ziren ikusita, denak biltzea erabaki zuten, eta datozen egunetan Euskal Herriko hiru puntutan izango dira eskuragai.
Oraindik ez dute zehaztu non izango den, beraz, kontzertuetara joateko asmoa baduzue, adi egon kalerarock.com webgunean argitaratuko baitute informazio guztia datozen egunetan.
Kalerarock kanta
Aurtengoan, gainera, Exaixu taldeak egin du Kalerarock II jaialdiaren kanta. Borrokalari kalera abesti herrikoia hartu du oinarri Atarrabiako taldeak eta horren bertsioa egin du.
Taldeak
Betagarri
Gasteizko taldeak ska doinuak jarriko dizkio jaialdiari, Zorion argiak lanean bildutakoak gehienak.
Arkada social
Arrasateko laukoteak Beste istorio bat lana kaleratu berri du, eta beren street punka entzunaraziko dute Durangon.
KOP
Hardcore punka eta thrash metala nahasten dituen taldeak euskarazko, gaztelerazko eta katalanezko hitzak darabilzte beren kantetan. Musika gogorra, haien eskutik.
Iheskide
Hard rocka eta punkk rocka lantzen duen Elorrioko laukoteak zeresana emango du jaialdian.
Hesian
Sakanako taldeak erritmo dantzagarriak eramango ditu Landako Gunera, mezu iraultzaileak ahaztu gabe.
Kaotiko
Punk rocka entzunaraziko du boskoteak, beren lan berria goreneraino eramanaz.
Gozategi
1992-2012 All Stars arrakasten soinu banda kaleratu berri du Orioko laukoteak, eta eszenatokietara gogor itzuli direla erakutsiko dute Durangon.
Gatibu
Bizkaitarrek Durangoko Azokan aurkeztu zuten beren lan berria, Zazpi kantoietan, eta GAZTEZULO festan jo ostean Durangora iritsiko dira.
Vendetta
Talde nafarrak Atzo, gaur eta bihar lan berriko kantak aurkeztuko ditu Kalera Rocken, rock, reggae eta hardcore ukituak ska punk giroko erritmoekin nahastuz.
Governors
2006an hasi zuen ibilbidea talde gipuzkoarrak. Rock and roll doinuen gainetik ahots garbi eta landua entzun daiteke, dudarik gabe ikusi beharreko taldea.
Dj Bull
Musika dantzagarria da berea, eta aurten ere ez du hutsik egingo Euskal Herriko Dj ospetsuenetakoa denak.
Bad Sound System
Irungo Moskutik reggae doinurik onenak eramango dituzte Bizkaia aldera, eta Dj Bullekin batera alboko karpan ariko dira.