Kaleko artistek ezingo dute Donostiako Alde Zaharrean lanean aritu

Donostiako Udalak kaleko artisten jarduna arautzeko neurri berriak ezarriko ditu eta, elkarrengandik 75 metrora eta etxebizitzetatik 20 metrora egon beharko dutenez, ezinezkoa izango dute Alde Zaharrean jardutea.

Ohikoa da Donostiako hainbat txokotan  kalean lanean ari diren musikari, antzezle eta bestelako artistak ikustea, nahiz eta pandemiak egoera aldatu egin duen. Duela bost urtetik, lurrean ezarritako txapa batzuk egon dira, hiriko zer puntutan aritu daitezkeen jakiteko. Horretaz gain, egun, ordu eta tokiak zehazten dituen baimena eskatu behar izan dute.

Orain, Donostiako Udalak arauetan aldaketa batzuk egitea erabaki du eta hainbat neurri ezarri ditu. Artistek elkarren arteko tartea zaindu beharko dute eta elkarrengandik 75 metrora kokatu beharko dira, eta baita etxebizitzetatik 20 metrora ere. Beraz, espazio zabaletan aritu beharko dute. Hori dela eta, Bulebarrean eta Alderdi Ederren bi puntu izango dituzte soilik, gainerakoak debekatuak izango dira. Ordubetez jotzen aritu eta gero, lekuz aldatu beharko dute, toki horretatik 75 metrora, gutxienez, aldenduta. Jardunaren ordutegia ere zehaztua dago: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara.

Dena den, pertsona bat edo bi bakarrik badira ikuskizuna burutzen dutenak, erraztasunak izango dituzte. Izan ere, ordubeteko emanaldiak egin ahal izango dituzte baimena eskatu beharrik gabe, araututa dauden baldintzak beteta. 

COVIDa dela eta, bestelako neurriak ere hartu beharko dira, hala nola, ikusleak hiru metroko distantziara izatea eta jende multzorik sortzen bada, publikoari elkarrengandik urruntzeko eskatzea.

Donostiako kaleetan jardun nahi duten artistek uztailaren 11ra arteko epea dute euren eskaera egiteko.