Kaleko artea Araban barreiatuta

Hogeita hamahiru emanaldi izango dira Arabako hainbat udalerritan sakabanatuta. Antzerkiaz, dantzaz eta zirkuaz gozatu ahalko dute arabarrek.

Kaleko arteen Arabako plazetan zirkuituaren bigarren edizioa martxan da eta hogeita hamahiru ikuskizun antolatu dituzte guztira Arabako hainbat udalerritan. Antzerki, pailazo, dantza eta zirku ikuskizunak izango dira lurralde osoko plazetan irailera bitartean. Zirkuitu honen helburua arte eszenikoak lurraldean zabaltzea eta sustatzea da, eskari berriak aintzat hartu eta eragitea, eta eskaintza herri guztietara barreiatzea. Horretaz gain, bertako sorkuntza hauspotu nahi dute, Arabako konpainiei bidea irekiz. 

Lehen emanaldia maiatzaren 29an egin zuten Langraiz-Okan eta hurrengoa hilaren 18an izango da Legution, Tio Teronen semeak taldearen eskutik. Arte eszenikoez gozatu nahi duten arabarrek batetik bestera ibiltzeko aukera izango dute eta hauek izango dira geldialdietako batzuk: Amurrio, Agurain, Laudio, Bastida, Guardia, Aramaio, Dulantzi, Eltziego eta Ekora. Egitaraua osatzen duten 21 konpainien emanaldien artean daude Xabi Larrearen Up!, Hutsun eta Hortziren Urbasa, Haatik Dantza taldearen Errimak bi oinetan, Zanguango teatroaren Bestaldean, Patata Tropikalaren Pirata Garrapata eta Barsanti Teatroaren Kale gorrian, 

Arabako Aldundiak, 33 udalek eta arte eszenikoetako profesionalak biltzen dituen Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak elkarlanean antolatu dute zirkuitua.