Kalakan taldeak hiru eguneko jaialdia egingo du Sarako kobetan
Irailaren 30etik urriaren 2ra izango dira emanaldiak, eta hainbat artista gonbidatuko dituzte.
Kalakan hirukoteak seigarren aldiz joko du Sarako kobetan, 2015ean lehen jaialdia egin zutenetik. Iparraldeko taldea izango da emanaldietako ardatza, baina beste artista eta lagun batzuk ere izango dituzte aldamenean. Folk musika, korala eta kantu difonikoa izango dira ikuskizunetan.
Lehen egunean, irailaren 30ean, Trasga talde portugaldarrak folk mirandarrez jantziko du koba. Bost multi-instrumentistek osatzen dute taldea, eta euren errepertorioa erromantze zaharrei erreferentzia egiten dieten letretan oinarritzen da, baina baita satira eta kritika sozialeko gaiak ere. Pieza instrumentalak ere jotzen dituzte.
Bigarren egunean, urriaren 1ean, Mongoliako Alexander Arkhincheev musikaria igoko da agertokira. Arkhincheev multi-instrumentista, abeslaria eta irakaslea da. Buriatiar kulturaren defendatzailea da, nazioartean birak egin ditu eta baita sari ugari irabazi ere. Gaur egun, Shonoren talde-zuzendaria eta moldatzailea da, musika antzinako uliger musika tradizionalaren eta Mongoliako musika tradizionalaren eta rock instrumentazio garaikidearen ikuspegitik berregiten duen taldea.
Jaialdiari amaiera emateko, urriaren 2an, Irungo Nayade Abesbatzaren txanda izango da. 1997ko abenduan sortu zen, eta, gaur egun, 30 koralista inguruk osatzen dute, Alaitz Urkia Rodriguezen zuzendaritzapean. Askotariko garai eta nazionalitateko musikagileen pieza folkloriko eta polifonikoak jorratzen dituzte, eta baita gaur egungo euskal konpositoreen lanak ere. Bi diska ekoitzi ditu abesbatzak: lehenengoa, 2003an, eta bigarrena, aurten kaleratu du, Printzak izenekoa.
Emanaldietarako sarrerak webgunearen bidez eros daitezke.