Kalabazak irakasleentzat

Ikasleak irakasle bilakatzen dira noizean behin, eta irakasleak ikasle. Bai, ez gaude burutik jota: zenbait unibertsitatetan ikasleek nota jartzen diete irakasleei, nota eskas  samarrak batzuetan...


Ados zaude matematika irakaslearen klaseak emateko moduarekin? Berandu iristen da klasera? Ez ditu azterketak ondo zuzentzen? Ariketa ulertezinak jarri, eta milaka orrialde ikastera behartzen zaitu? Zure bizilaguna bainozakarragoa da? Unibertsitariek urduri baino urduriago jartzen dituen irakasleari kalabaza biribil-biribila jarri ahal diote. Halaxe da! Ez da gezurra!

Euskal Autonomia Erkidegoko EHUn, Nafarroako NUPn eta Deustu eta Mondragon unibertsitateetan ikasleek notak jartzen dizkiete irakasleei. Unibertsitateotan, inkesten bitartez neurtzen dute ikasleek irakasleen gaitasuna: oso eskas, eskas, bikain, oso bikain… Ezagun egiten zaizkizue, ezta? Behin inkestako emaitzak jasota,  emaitzen berri ematen zaie irakasleei.

Ikasketa buruek irakasleen jarraipena egiten dute, eta behin eta berriro nota txarrak izanez gero, ez dituzte berriro gai berak ikasi beharko, baina matraka ederra entzun beharko dute agian. "Hori pagotxa!", esan dezake baten batek. Ez pentsa, hala ere, ikasleak inkesta hauekin oso pozik daudenik: unibertsitateetako arduradunek ekimen honen balorazio ona egiten duten arren, ikasleak kritiko samarrak dira. 

Irakaskuntza hobetzeko
Hego Euskal Herriko unibertsitate gehienetan aspalditxo hasi ziren horrelako galdeketak egiten. Esaterako, Deustuko unibertsitatean 1993an jarri zuten abian irakasleak ebaluatzeko ekimena. Gutxienez, urtean behin egiten dute, eta jakina, ebaluaketa egunean, aztertu beharreko irakasleak ez dira klasean izaten. 

Gainera, irakasleek ezin dute unibertsitari bakoitzaren balorazioa ezagutu. Eskerrak: nork ziurtatzen digu X andereñoa "begia begi truk" filosofiarekin bat ez datorrenik?

Ondorengo arloak baloratzen dira inkestetan: klaseen planifikazioa eta antolaketa, denboraren erabilera, dinamizatzeko gaitasuna, ebaluaketa… "Gure helburua irakaskuntza hobetzea da. Irakasleen gaitasuna neurtzen dugu, zein arlotan dabiltzan hanka motz ikusteko. Galdeketek erakutsi digute badagoela zer hobetu. Ikasleak ebaluaketaren kulturan hezitzea da gure asmoa. Gainera, irakaskuntzan zer esana badutela erakutsi nahi diegu", esan digu Lourdes Villardon Deustuko unibertsitateko ebaluaketa programako arduradunak.

Ikasleak zuhur
Orain arte irakurritakoa kontuan hartuta, ekimen interesgarria dirudi. Baina, zein iritzi dute unibertsitariek? Oro har, euren iritzia aintzat hartzea gogoko dute, baina balorazioek zein ondorio izan dezaketen galdetuta, kritikoak dira. Igor Ortega EHUko Ikasle Kontseiluko presidenteak dioenez, "galdeketa aurpegia zuritzeko modua da. Izan ere, nahiz eta balorazioak zenbaitetan eskasak izan, ekimenak ez ditu irakasleak ezertara behartzen. Gainera, egiten diren galderak azalekoak dira. Adibidez, ez dute egin beharreko galdera egiten: gomendatuko zenieke gainerako ikasleei irakasle hau?". 

Beste kexa bat ere badute ikasleek. "Galdeketa fakultateak berak egiten du, horrek esan nahi duen guztiarekin", dio Igor Ortegak.  

Kexak kexa, ikasle askok egiten dituzte inkestok. Parte hartzea ez da derrigorrezkoa, eta hauexek dira kritika arruntenak: apunteen eta azterketen edukien artean alde handia dagoela, irakasleak notak jartzerakoan zorrotzegiak direla, etxeko lan gehiegi eskatzen dituztela, argibideak ulertzea oso zaila dela…

Irakasleak beldur?
Beraz, unibertsitariak ez omen daude oso ados  galdeketa egiteko moduarekin, ezta irakaskuntzan duen eraginarekin ere. Aldiz, unibertsitateetako ikasketa buruek oso balorazio ona egiten dute. "Oso pozik gaude ekimenarekin. Oro har, emaitzen berri dutenean, irakasleek hobetzeko ahalegina egiten dute. Hala ere, ez dituzte nota txarrak izaten", esan digu Isabel Larrakoetxea EHUko Ikasketa Berrikuntzarako errektore ordeak. Eta nola ikusten dute ekimena aztergai diren maisu-maestrek? "Irakasleek begi onez ikusi ohi dute. Hasieran kontrako jarrera zuten, inori ez baitzaio gustatzen bere lana aztergai izatea. Baina ohituz joan dira, batik bat ekimena zigor tresnatzat baino, hobetzeko tresnatzat hartzen joan direnak", dio Lourdes Villardonek. Deustuko ebaluaketa programako buruak berak esana da: inori ez zaio gustatzen bere lana aztergai izatea. Gauza bera esan behar ote da ikasleei egiten zaizkien azterketez? Kontu hori hurrengo baterako utziko dugu.

Batez beste 5,6


GAZTETXULOko irakurleei euren ikastetxeetako maisu-maistrei 0 eta 10 bitarteko nota ematea eskatu diegu. Doi-doi gainditu dute azterketa irakasleek. Hauek ikasle zintzoak! Beldurrez, ala?

    • “7 bat emango diet gure irakasleei, nahiko ondo ari dira eta. Ezer gutxi hobetuko nuke ikastetxean”. Nekane Bakaikoa. Donostiako Usandizaga institutua. 18 urte.

    • “6 bat merezi dute, gehiagorik ez. Azterketetan besterik ez dute pentsatzen, eta zenbait gai, ikasleen nortasuna esaterako, bigarren mailakoak dira beraientzat”. Beñat Eizaburu. Burlatako Askatasuna institutua. 16 urte.

    • “Nire irakasleak bikainak dira, ez dut kexarik. Beraz, 8 bat emango diet”. Elixabet Aycaguer. Baionako Bernart Etxepare lizeoa. 18 urte.

    • “Irakasle eskas samarrak direnez, 4 bat besterik ez dute merezi. Harreman gutxiegi dago irakasleen eta ikasleen artean. Bestalde, irakasle euskaldun gehiago izatea nahiko nuke. Izan ere, psikopedagogia ikasten ari naiz, eta aurten, 15 ikasgaietatik bi baino ez dira euskaraz”. Aitor Martinez. Deustuko Unibertsitatea. 23 urte.

    • “3? 3,5? Azterketa gainditzeko, asko ikasi beharko lukete, ikasleak ulertzen, klaseak atseginagoak egiten…Entziklopedia oso bat beharko nuke”. Aritz Martinez de Adana. EHUko Gasteizko campusa. 22 urte.