Kaktusez egindako larrua: modaren aukera begano jasangarria

Kaktusaren laborantzak ez du ez urik ez pestizidarik behar. Hori horrela, berri onak datoz lurra gehien kutsatzen duen bigarren industriara, modara hain justu.

Adrián López Velarde eta Marte Cázares mexikarrak daude material berri honen atzean. Indipikondo kaktusez egindako larrua alternatiba begano eta ekologikoa da animali larru eta larru sintentikoen aurrean.

Bi gazteek Desserto deitutako enpresa sortu zuten eta pasa den udan kaleratu zuten produktua, honen inguruan ikertzen bi urte eman eta gero. Ordutik, indipikondoaren larrua munduko azoka ezberdinetan aurkeztu dute eta Europa eta Ameriketako zenbait herrialdeetara esportatzen da.

Indipikondoa kaktus jangarria da Mexikon eta bertan edonon aurki daitekeen ohiko landarea da. Ez du zaintzarik behar eta horregatik ez du pestiziden beharrik. Honela, ibaiak, pertsonak eta erleak salbu dira kutsatzetik.

Izan ere, modaren industriak izugarri kutsatzen du Nazio Batuen Erakundeak burututako ikerketa batean arabera. Urtero 93 mila milioi ur kubiko erabiltzen ditu 5 milioi pertsonaren beharrak asetzeko. Horretaz gain, urtero milioi erdi tona mikrozuntz botatzen dira itsasora. Petrolio kupelekin alderatuko bagenu, kantitate hori 3 milioi petrolio kupel lirateke.

Arropa, oinetako eta apainduren ekoizpenak hegazkin hegaldi guztiek baino karbono igorpen gehiago sortzen dute. Honela jarraitzen bada, igorpenak %60 haziko dira 2030. urterako Global Fashion Agenda erakundearen arabera.

Modaren industria kontziente da egoeraren larritasunaz eta horregatik, modu proaktiboan alternatibak bilatzen ari da. Ideia honetatik tiraka hasi ziren bi mexikar hauek larruaren alternatiba ekologiko bat bilatzen. Animalien larrua ez baita bidezkoa animalientzat, tratu txarrak jasaten baitituzte prozesuan eta ez du zertan inongo animaliarik hil behar gu modan egon gaitezen. Bestalde, larru sintentikoak plastikoa darama, eta kutsakorra denez ez da alternatiba egokia.

Moda beganoa
Larru beganoen joerak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu moda munduan. 2018ko abenduan Chanel-ek iragarri zuen animali exotikoekin (sugeak, krokodiloak, sugandilak) egindako produktuak fabrikatzeari utziko ziola eta noizbehinka edozein animaliaren larruarekin egingo zituela bere produktuak. Armani, Hugo Boss, Gucci eta Versace bezalako beste izen handiek ere neurri antzekoak hartu dituzte.

López Velarde eta Cázares bikoteak indipikondo kaktusaren onura ekologikoak eta erresistentzia frogatu dituzte. Orain helburua euren produktua ezagutzera eman eta larruaren alternatiba nagusi bilakatzea da.