Kabareta Trua Ondarroako Beikozinin izango da martxoaren 4an eta 5ean
Ortzi Acosta, Lady Pituka, Tavi Gallart, Fede Badiola, Ana Elordi, eta Nahia Iparragirre arituko dira, besteak beste.
Kabareta eta Kabareta Txú-ren ekoizpenekin 4.000 ikusle izatera iritsi zirela ikusirik, arrakastaren aparrari jarraipena eman nahian, Kabarate Truá ikuskizun berria taularatuko da Ondarroako Beikozinin martxoaren 4an eta 5ean.
Lau orduko ekitaldia izango da, bazkari edo afariak lagunduta, eta antolatzaileen hitzetan, osagai pikanteak izango ditu ikuskizunak: "Umorea, musika, erotismoa eta gaurkotasuneko gaiak tartekatuko dira eszenatokian artista bakoitzarekin, kabaret fresko eta ironiko batean, politikoki okerra, erotismo dosi justuarekin, eta hori guztia umore oparoz ureztatua".
Ikuskizunean honako artista hauek hartuko dute parte: Ortzi Acosta (Cirque Du Soleil), Lady Pituka eta Tavi Gallart, Fede Badiola, Ana Elordi, Nahia Iparragirre, Nerea Ansola, Naia Mandia, Igor Baroja eta Enetz Ximeno.
Talde teknikoari dagokionez, berriz, Angel Amorrek egin du jantzien diseinua, Ines Uriarte zuzendaritza eta koreografiaz arduratu da, Paco Hernando zuzendaritzaz, Nahia Arrasate koreografiaz, Iñigo Zabala gidoiaz, Aitor Urkiola eszenografiaz eta bideoaz, Alberto Markuerkiaga audioaz eta bideoaz, Borja Ruiz argiez, eta Jose Urrejola soinu-espazioaz.
Martxoaren 4ko eta 5eko emanaldietako sarrerak hemen eskura daitezke.
