K- Sarietako film laburrak proiektatuko dituzte igandean Mendaron
Sarietara aurkeztutako lau film emango dituzte eta solasaldia ere izango da egileekin.
Datorren uztailaren 10ean, igandea, San Agustin Aretoak K-Sarietako laburmetraien proiekzioa hartuko du arratsaldeko zazpietan. K Sariak zineklub eta zinemaldien arteko lankidetzaren emaitza dira, eta sarietara aurkeztutako filmen proiekzioa egiten da herriz-herri.
Honako filmak hauek proiektatuko dira Mendaron: Ama (Huhezinema), Mouse (Animadeba), Eggchild (Zinetika), eta Pasaia (Hator, Hator). Emanaldiaz gain, zinemaldien aurkezpena eta egileekin solasaldia ere izango da.
Donostiako Kresala Zinekluba da K SARIAK ekimenaren bultzatzaile nagusia, Azkoitiko, Beasaingo eta Urretxu-Zumarragako zineklubekin batera. Aurtengoan, Oreretako Ozzinema ere batu da ekimenera. Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea du helburu.
