Justin Bieberren Coachella jaialdiko emanaldiak polemika piztu du
Zuzenekoaren zati batean Youtubeko bideoak jarri eta haien gainetik kantuan aritu izana kritikatu dute.
Kaliforniako Coachella musika eta arte jaialdiaren lehen astebukaera igaro da, eta bertan izandako emanaldien inguruko iruzkin asko izan dira sare sozialetan egunotan. Aurten gehien esperotako emanaldia Justin Bieberrena izan da. Izan ere, ia lau urtez zuzeneko kontzerturik eman gabe egon da.
Jaialdian orain arte izandako artistetan gehien kobratuko duena izango da Justin Bieber. Rolling Stones aldizkariaren arabera, hamar miloi dolar jasoko ditu aurreko larunbateko eta datorren larunbateko emanaldien truke.
Espektatiba handia zegoen, beraz, eta batzuk asebeteta utzi dituen arren, beste batzuk kritika zorrotza egin diote artista kanadarrari. Ez zen ohiko kontzertua izan, formatu minimalista hautatu zuen eta janzkera informala.
Hasieran, Swag eta Swag II disko berrietako zenbait kantu jo zituen, eta ondoren bere kantu ezagunei egin zien tartea. Aulki batean eseri eta ordenagailu baten laguntzaz, Youtubeko bere bideoetan ibili zen. Ikusleek pantailan ikus zezaketen artista bere bideoak topatzen eta erreproduzitzen. Eta haien gainean kantatzen zuen ondoren.
Modu horretan, bere hastapenetan arrakasta handia izandako zenbait kantu plazaratu zituen, hala nola Baby, Favorite Girl edota Never say never. Nerabezaroan Youtuben igotako abesti bertsioren bat ere jarri zuen. Horretaz gain, zuzenekoa sarean jarraitzen ari zirenekin ere elkarreraginean aritu zen. Azkenik, beste zenbait artistarekin ere aritu zen oholtzan, esaterako Dijon, Tems, Wizkid eta Mk.gee.
Youtubeko bideoekin izandako tartearen inguruko iruzkin ugari zabaldu dituzte sarean. Karaoke batean bezala aritu izana azpimarratu dute eta honakoak aipatu dituzte: "Coachellari iruzur egin dio Youtubeko kantuak erreproduzituta" eta "Justin Bieberrek inoizko emanaldirik nagiena eman du".
Katy Perryren bideo bat ere biral egin da. Bertan abeslaria ageri da Bieberren kontzertuan, umoretsu honako hau esaten: "Eskerrak Youtube Premium den, ez dut iragarkirik ikusi nahi".
Zenbaitek Coachellan izandako beste artista baten emanaldiarekin alderatu du Bieberrena, eta hemen ere generoak zerikusia duela ohartarazi dute. Sabrina Carpenter izan zen jaialdiko lehen gauean, eta hark askoz ikuskizun landuagoa aurkeztu zuen, atrezzo nabarmena eta ekoizpen handia zituena, tartean baita autoak ere. Sare sozialetako erabiltzaile baten iritziz, "Sabrina Carpenterrek Justin Bieberrek egindakoa egin izan balu, haren ibilbidea amaiturik legoke".
Larunbatean izango duen bigarren emanaldia ikusi beharko da, bestelako zerbait eskainiko ote duen jakiteko.