June Crespo artistak Biennale Arten parte hartuko du
Gorputzaren eta arkitekturaren harremanaren inguruko bere eskultura lanak izango dira ikusgai Veneziako erakusketan.
Apirilaren 23tik azaroaren 27ra izango da Veneziako Biennale Arte 2022, eta bertan izango da June Crespo (Iruñea, 1982) artista, Etxepare Euskal Instituak abian jarritako Zabal programaren bidez. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1400 artelan baino gehiago izango dira ikusgai.
The milk of dreams izenburupean egingo dute aurtengo erakusketa, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu batetik hartua. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, zeinetan bizitza irudimenaren prismatik birplanteatzen duen. Cecilia Alemani erakusketako komisarioak adierazi duenez, honako galdera hauek gidatuko dute edizioa: "Nola hari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe?". Hiru gai jorratuko dira nagusiki: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.
June Cresporen lana ere ildo horretan kokatzen da. Gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturaren bidetik. Beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatu egiten ditu, "ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz". Eskultura batzuek elementu ezagungarriak dituzte, eta beste batzuk, berriz, erabat abstraktu eta amorfo bihurtzen dira. Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki ziborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute.
Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, M. Jose Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNE-ren Ojo Critico Saria (2018), Botin Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Haren lanak Reina Sofia eta Artium museoetako bildumen parte dira, besteak beste.
