Julio Cortazar: Julio Cortazar: errealitatearen ifrentzuan

Hegoamerikako "boom" famatuaren eragileetako bat baino zerbait gehiago izan zen Julio Cortazar: iraultzaile artistiko bat. Zoritxarrez, azkenetakoa. 1914an Bruselan jaiotako argentinar honen eskutik iritsi zaizkigu sekula idatzitako ipuinik bikainenak. Finean, ipuingile bezala ezagutzen badugu ere, nobelagile eta, orohar, sortzaile aparta izan zen genero guztietan. 1951an Parisa joan eta bertan geratu zen bizitzen heriotzera arte. Urte horretan bertan eman zen nazioarte mailan ezagutzera "Bestiario" izeneko ipuin-bildumarekin. Ondoren etorriko dira "Las armas secretas", "Todos los fuegos el fuego", "Oktaedroa"-Ibaizabalek itzulia-, "Alguien que anda por ahí" eta "Queremos tanto a Glenda", besteak beste. Urte horietakoa da ere, hain famatua eta originala den "Rayuela" eleberria, esperimentazioaren bideak muturreraino eraman zituena, non irakurleak erabaki baitezakeen irakurketaren ordena. Ildo bertsutik doaz bere saiakera moduko testu zorrotz eta umoretsuak. Horietan ezagunenak "La vuelta al día en 80 mundos" izenburukoa edota "Historias de Cronopios y de Famas".  
Agortezina da Cortazarren irudimena. Maisua da egoera irrealak erreal bihurtzen eta, alderantziz, errealak irreal. Graffitien bidez komunikatzen diren maitaleak, metroko bide ilunetan bizi den zibilizazio ezkutu bat, asteetan zehar atasko batean atrapaturik dagoen giza-talde baten gora-beherak, tronpeta-jole baten dekadentzia... ehundaka egoera ezberdin eta bitxi korapilatzen dira bere testuetan, gertakizunen konplize misteriotsu bihurtzen gaituztenak. Narrazioa eraikitzeko modu berritzaileak erabiliz, istorioak kontatzeko eta girotzeko abilidade itzela azaldu zuen beti. Borgesen ikasle aurreratua, maisuaren maila bera gainditu zuela diote askok. Eskoletan asignatura propio bat izatea merezi luke ezbairik gabe; matematika, biologia, soin-heziketa eta ingelesaren alboan, "juliocortazar, che!" gaia irakasteak on egingo bailiguke. Hain ahaztua dugun irudimena aktibatzeko bederen.
Bestalde, idazle konprometitua ere izan zen argentinarra. Horren eredu ditugu torturaren aurkako "El libro de Manuel" obra edota gobernu sandinistaren aldeko jarrera azaltzen zuen "Nicaragua, tan violentamente dulce" testua.