Julene Iturbe bertsolariak irabazi du XXI. Abra Saria

Sei bertsolari gazteren arteko lehian gailendu zen azkoitiarra.

Joan den ostiralean jokatu zuten Euskal Herriko Bertsolari Gazteen XXI. Abra Saria Algortako Azebarria kultur txokoan. Sei bertsolari gazte aritu ziren kantuan, otordu bizkorgarri baten ostean, eta Azkoitiako Julene Iturbek jantzi zuen txapela. 

Hauexek dira Naroa Torralba gai-jartzailearen esanetara aritu ziren sei bertsolariak: Maider Altuna (Arrigorriaga), Josu Txoperena (Hendaia/Lesaka), Julene Iturbe (Azkoitia), Ekain Alegre (Altsasu), Oihan Diaz (Algorta) eta Unai Anda (Ametzaga).

2002an jarri zuten martxan sariketa eta azken edizioetan honako hauek irabazi dute: Ekhiñe Zapiain (2020), Xabat Illarregi (2019), Aroa Arrizubieta (2018), Maider Arregi (2017) eta Aitor Servier (2016). Xabi Paia, Oihana Bartra, Beñat Gaztelumendi, eta Maddalen Arzallusek ere lortu zuten txapela sariketa honetan, eta baita Bizkaiko egungo txapeldunorde eta txapeldun diren Jone Uria eta Nerea Ibarzabalek ere, 2010ean eta 2013an hurrenez hurren.