Julene Azpeitia ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Irailaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak.

Zumaiako Udalak Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 35. edizioa jarri du martxan, euskarazko literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz. Idatzien gaia librea izango da, baina euskara hutsean sortu beharko da. Aurrez argitaratu gabeko lanak izan beharko dute, originalak, eta gutxienez 6 orrikoak eta gehienez 15.

Lanak irailaren 30erako bidali beharko dira. Idazlanak, onartua izateko, izenburua bakarrik izango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia. Posta elektronikoz ere bidal daitezke, euskara@zumaia.eus helbidera, digitalki prozedura bera erabiliz. 

Hiru sari banatuko dituzte: lehena, 3.000 eurokoa; bigarrena, 1.500 eurokoa; eta Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa. Bestalde, Zumaiako Udalak saritutako lanak argitaratzeko eskubidea izango du urtebeteko epearen barruan.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.